Maider Galardi

Erregulatu

2026ko urtarrilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esana dut lehenago balkoi honek asko ikusten duela. Bada, gaur, lau lagun ikusi ditut barrez, irriz, olgetan nondik datozen eta nongotarrak diren txantxetan. Ezagutzen ditut: maiz erosketak egiten ditudan denda bateko langileak dira bi, eta beste parea parrandako kuadrillaren karaoke gustukoeneko juergakideak dira. Badakit zertaz ari diren, eta ni ere poztu naiz haiek pozik ikusita. Arratsaldean, elkartean batu gara, lasartearroi tokatzen zaigulako hileko azken asteartean Donostiako Kaleko Afari Solidarioetako jana prestatzea. Han ere izan dugu gaia hizpide: afarietara datozen zenbat gaztek lortuko duten erregulaziorako bidea hastea, nork ezingo duen bide hori urratu urte batzuk Euskal Herrian egin ostean atzerrira joan behar izan zuelako lanera eta duela gutxi itzuli, ate hori irekitzeak zenbateko eragina izango duen, eta nork daki 120 otordu egin beharrean gutxiago egin beharko ote ditugun hemendik hilabete batzuetara.

Bat egiten dugu oro har albiste ona dela, hala sumatzen dugu kalean, eta hala entzun diegu RegularizaciĂ³n Ya plataformako kideei. Baina, halere, baten batek elkarteko suaren bueltan seinalatu du nahiko ideia lañoa dela afari kopurua jaistearena, erregulazioaren atea irekita ere gurean errotuta dagoen arrazakeriak ez dizkielako automatikoki etxe eta alokairuetarako ateak irekiko. «Alderantziz», gehitu du beste batek, eta gogorarazi erregularizazioaren albistearen bezperan hustu zutela Donostiako Herrera auzoko pabiloia eta beste 30 bat lagun geratu direla kale gorrian negu betean. Eta politika zein kapritxosoa den, ohartu naiz erregulazioaren dekretua sinatu den egun berean batu direla Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, eta lehendakariak eskatu diola Espainiako presidenteari, mesedez eta faborez, Ertzaintzak «eskumen gehiago eta tresna hobeak izatea» atzerritarrak kanporatzeko prozeduretan. Eta nik… nahiko nuke polizia erregulatu —abolitu?— ez izateko haietakorik afarien banaketan usnaka eta karaokeko atean zelatan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA