martxelo otamendi

Eskuin muturra komunikabide publikoetan

2026ko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte dezente gertatu zen telebista publiko batean, ETB2n. Jose Maria Callejak eta EITBko beste bi kazetarik elkarrizketa egin zioten ezker abertzaleko buruzagi Floren Aoiz (orduan) gazteari. Callejak jazarri egin zion Aoizi elkarrizketa guztian, gupidarik gabe, jazarpenetik gertuago lan profesionaletik baino. Callejak arratsalde osoa pasatu zuen Miramongo estudioetako erredakzioan entzun nahi zionari esaten gauean Aoizi egingo zioten elkarrizketan txikitu egingo zuela. Beste garai batzuk ziren, eta ezker abertzalearen aurka ia dena egitea zilegi zen. Gaur egun, zorionez eta irizpide profesionala nagusituta, egingo ez litzatekeen elkarrizketa.

Egun hauetan Espainiako telebista publikoan elkarrizketa egin berri diote Espainiako eskuin muturreko alderdi buruari, Abascal Voxekoari. Elkarrizketak eztabaida polita piztu du –elkarrizketa nola joan zen alde batera utzita– telebista publiko batean lekua eman behar ote zaion eskuin muturrari, kasu honetan, elkarrizketa egin behar ote zaien. Programak kritika asko bildu ditu ezkerraren esparruan elkarrizketa egite hutsagatik.

Europan eskuin muturrak indarra hartzearekin batera piztu zen eztabaida, eta ez da bukatu. Zer egin? Erantzuna erraza da, alderdi horiek hasieran boto gutxi daukatenean. Eta %25 daukatenean edo hauteskundeak irabazten dituztenean? «Orduan bai», erantzuten dute komunikabide askok, «baina borroka elkarrizketa egingo diegu». Zilegi da komunikabide publiko batek borroka elkarrizketak egitea. Elkarrizketa profesionala eta exijentea bai, baina borroka elkarrizketa ere bai?

AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi eskuin muturrekoak irabazi zituen irailean Saxonia-Anhalt landerrean egindako hauteskundeak. Muturrekoen garaipena aurreikusita, bozketa baino egun batzuk lehenago Europako astekaririk handienak eta eraginkorrenak, Der Spiegel-ek, eskuin muturreko hautagai nagusiaren aurpegi handia –Ulrich Siegmund– jarri zuen azal beltzean, izenburu honekin: «Alemaniaren etsairik handiena». Borroka kazetaritza, bilatzen duen aurkako ondorioa lortzen ez duena.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA