martxelo otamendi

Etxepareren tornuia Baionako auzitegian

2026ko otsailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste partida bat jokatu zuen atzo euskarak Baionako epaitegian, eta batzuk badaramatza jokatzen azken urteotan Frantziak eta Espainiak Euskal Herrian dauzkaten epaitegietan. Lur arrotza eta elkorra da justiziarena euskararentzat, salbuespen batzuk kenduta.

Lau euskaldunen aurkako epaiketa egin zuten atzo delako epaitegian. Pirinio Atlantikoetako Departamendua Baionan hartzen duen eraikinean euskararen ofizialtasunaren alde duela hilabete batzuk pintaketa bat egiteagatik epaitu zituzten atzo lau ekintzaile euskaltzaleak. Euskaraz bizi nahi dugu! esaldia margotu zuten salatzeko Frantziako agintariek ez dutela euskara serioski hartzen eta, Bernart Etxepareren hitzak zutabe honetara ekarrita, ez diotela «ematen behar duen tornuia».

Auzipetuek aski aurrerapenarekin jakinarazi zioten epaitegiari euskaraz deklaratzeko asmoa, eta epaitegiak eduki du nahiko denbora epaituen esanak euskaratik frantsesera traditatuko zituen interpretea bilatzeko; baina ez du nahi izan. Egin ezinik ez zeukan epaileak, azken hamarkadotan behin baino gehiagotan onartu dietelako auzitegi horretan euskaldunei euskaraz deklaratzea, interpretea erabilita: Iparretarrak taldeko kide batzuei 1984an, eta hainbat errefuxiaturi. 

Zergatik ez orain? Ematen du bat egiten dutela —euskararen auzian, behintzat, bai— Hego Euskal Herrian lanean ari diren epaile batzuek Ipar Euskal Herrian ari diren beste batzuekin. Koordinatuta baleude, ez zuketen hobeto egingo.

Galdu egin zuen atzo partida euskarak Baionako auzitegian? Ez derrigorrez. Segun nola begiratzen den. Atzo, Gorka Torrek eta beste hiru auzipetuek eutsi egin diote beren eskaerari, tinko eutsi gainera, eta urrats bat egin dute euskara normaltasunez erabilia izan dadin auzitegietan. 

Horrelako ekintza askorekin lortuko dugu justizia jauregien pareta pitzatzea, aurretik euskararen aurka altxatuta zeuden beste hainbat pareta pitzatzea lortu dugun bezala. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA