Maider Galardi

Etzan eta ixo

2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Besterik ez nuen behar, baina ez nekien. Asteazken batean izan zen, orain hiru aste. Irratiko kolaborazioaren aurretik instagrameko fitness influencer gogaikarrienak bultzatuta joan nintzen goizeko zazpietan gimnasiora. Berak bultzatuta, eta baita azken denborako insomnioak eta muinetaraino sartua dugun produktibismo kapitalistak ere. Han nintzen nire moduko beste hamabi zororekin: arnasa hartzeko inolako tarterik ez duten amak, Marcos Llorente futbolariaren betaurreko horiak erabiltzen dituzten terraplanistak, gauaren ilunari ihes egin nahi dioten antsiosoak, beren inperio erromatarra eraikitzen ari direla uste duten mutiko gazteak. Kontua da eman zidala zaintiratuak eta kieto geratu nintzela ez aurrera ez atzera, ezin gerria gora edo behera mugitu, tertuliarako ordu erdi eskas geratzen zenean. Hala moduz heldu nintzen estudiora, hala moduz idatzi nuen aste horretako zutabea, hala moduz joan biharamunean ikerketa taldeko bilerara, terraplanistak baino negazionistago, ukaezina baitzen ezin nuela zutik mantendu. Lankide batek esan zidan medikuarenera joateko, eta medikuak horixe, Sara Zozaya abeslariaren hitzetatik: Etzan eta ixo bi astez.

Zaila egin zait itxaronaldia, nahiz eta nire buru-gorputzak asko eskertu duen. Besterik ez nuen behar, baina ez nekien. Bitartean, irakurri dut periodikoa eta scrolleatu dut infinituki, eta ez da egun bakar bat ere pasatu pentsatu ez dudana: Ze pena bajan egotea, honi buruz idatziko nuke. Deitu fomo, deitu ego, baina kosta zait ahoa itxita mantentzea: Bernedoko auzia, Bad Bunnyren etxetxoa, futboleko Munduko Kopa, Kolonbiako hauteskundeak, euskara eta selektibitatea… Eta orain bueltan naizela, beroa gai hutsalegia iruditzen zait zutabe bat eskaintzeko. Hilabete dugu aurretik oraindik zutabegintzan, eta burura datorkit urteroko dema, ea zein izango den aurtengo udako gai izarra: kale-ehizak arrazializatutako herrikideei, emakumeekiko diziplinamendua festetan, euskal presoen gaineko jirabirak… Gomendatuko nieke su horiek pizten arituko diren askori niri medikuak eman didan errezeta bera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA