Badira sekula agortzen ez diren iturriak eta badira betiere zerbait oparitzen duten testuak ere. Horietakoa da Refranes y Sentencias (1596). Hauxe da 410. zenbakidun errefraua: Beizut nahi baozu, / gaur, bihar, etzi, etziluma, etzikaramu. Erdaraz honela dio: «Haréoslo si quereys, / hoy, mañana, después de mañana». Euskaraz bost denbora-adberbio; erdaraz hiru. Zergatik, eta gaztelaniaz ez dagoelako etzitik aurrera esaterik.
Hizkuntza gehienek ere ezin dute. Japonierak bai, ordea: ashita ‘bihar’, asatte ‘etzi’, shiasatte ‘etzidamu’ eta yanoasatte ‘etzikaramu’ dituzte, eta are kinō ‘atzo’, ototoi ‘herenegun’ eta yanoatotoi ‘herenegunaren aurreko eguna’, hots, guk baino bat gehiago.
Ez dago erraz asmatzerik zer dela eta definitu zituzten hain zorrotz orainaren atze-aurreak noizbaiteko euskal eta japoniar hiztunek, baina kontua da denboraren ulerkera ez dela inolaz ere unibertsala —edo guziakikoa, Larramendik txukun zioenez— eta, beraz, horixe erakusten digute euskal hitz horiek, modu apalean bada ere.
Gure denbora-ikuskeratik urrunagoko hizkuntzetan aipatuenetakoa aimara dugu, Andeetan mintzatua, haren hiztunentzat iragana ‘aurrean’ omen baitago, eta etorkizuna ‘atzean’.
Kuuk Thaayorr hiztunek (Australia) denbora sortaldetik sartaldera doan lerroan irudikatzen omen dute: horrek esan nahi du ez dutela «niaren» erreferentzia erabiltzen, eguzkiaren mugimenduarena baizik.
Berriz, yupno jendeen arabera iragana mendian behera doa, erreka nola, eta etorkizuna mendian gora. Eurak bizi diren Ginea Berria irlan zortziehundik gora hizkuntza daude eta yupno ez da handiena izango. Handiak izan, txikiak izan, yupnotarrak bai azkarrak, azkenotan ondo aldapa gora baikoaz etorkizunerantz.
Alabaina, nork daki zer izango den bihar, etzi, etzidamu?