Beste kapitulu bat erakusten duena Europan ez dakigula nola eragotzi eskuin muturraren gorakada. Nola ez dakigun zer egin herritar europarren aldetik biltzen ari diren babesarekin, haien agendaren zati gero eta handiagoa erosten dugu.
Garai batean –urte luzez– Europa oso papartuta ibili da, berak bakarrik omen zeuzkan balioez harrotuta. Europara lehen mundua ez zirenetatik etortzen zirenei aurpegira esaten zien kontinente zaharrean balio batzuk indarrean zeudela, eta horiek errespetatu behar zituztela zetozenek. Zeintzuk ziren balio horiek? Berme handiko justizia, legeria, elkarren arteko errespetua, elkartasuna, aukera berdintasuna… Ipar Europako herrialde eskandinaviar sozialdemokraten urrezko garaia zen. Baina hobe –susto handi batek harrapatzea nahi ez badugu– ez banan-banan aztertzea Europako zein herrialdek betetzen zituen balioak, eta zeinek ez. Utz dezagun horrela.
Azken urteotan, Europako ustezko kontsentsu hori batere lotsarik gabe urratu duten herrialdeak ugaritu egin dira: Nicolas Sarkozy Frantzian, Espainia, Boris Johnson Erresuma Batuan, Viktor Orban Hungarian… Nahi adina aukeran.
Asteon Europako bost herrialdek –Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Greziak eta Herbehereek– adostu dute deportazio gune bat zabaltzea Ruandan –Afrikan– herrialde horietan dauden 100 migrante ilegal bidaltzeko, Ruandakoak izan edo ez; Europara etortzeko asmoa daukaten herritar afrikarrei haien asmoak burutik kenaraziko dizkieten ustearekin. Batere bermerik gabeko itsasontzi zahar batean hamar eguneko itsas bidaia arriskutsua egiteko beharrean dagoen migranteak ez du atzera egingo bost herrialdeok hartu berri duten erabaki horrengatik.
Duela gutxi jakin dugu AEBetako presidente Donald Trumpek Afrikako hamar herrialdetara bidaltzen dituela ICEk atxilotutako migrante latinoak, ez haien herrialdetara baizik eta Afrikara!
Errespetuzko hileta egingo ahal diete Ruandan Europaren balioei.