martxelo otamendi

Euskal futbol selekzioa

2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urteak daramatzagu kirol selekzioen ofizialtasuna exijitzen eta haien aldeko era guztietako mobilizazioak egiten; ez beti, egia aitortuta, sendotasun berarekin. Bitxikeria bat: aspaldikoa da gizonezkoen euskal futbol selekzioa, 1915ean hasi baitzen jokatzen; Espainiakoa, aitzitik, 1920an hasi zen. Beste bat: 1936-1939ko gerran, kubatarrek proposatua, FIFAk onartu egin zuen euskal selekzioa.

Aro modernora etorrita, indar handia hartu zuen duela hamarkada batzuk, ESAITen lanaren ondorioz, euskal selekzioen ofizialtasunaren eskaerak; besteak beste, pilotan eta gizonezkoen futbolean. Mundu mailako selekzioen aurka jokatutako partidetan San Mames erraz betetzen zen garaiak ziren. Bi indarrek bat egitearen ondorioz jazo zen hura. Alde batetik, ESAITen eskutik, milaka herritarrek aktibo zeuden eskaeraren alde —ekitaldietan hartzen zuten parte, selekzioaren elastikoak janzten zituzten, partidetara joaten ziren…—, eta, bestaldetik, oso garrantzitsua, gizonezkoen futbol talde nagusietan —Realean eta Athleticen bereziki— hainbat jokalari garrantzitsuk bat egin zuten modu aktiboan proposamenarekin.

Zein da gaur egun egoera? Kanpotik batzuek ESAITen indargabetzea eragin zuten, tentsio galtzearen ondorioz gaia oso noizean behin baino ez dago agenda publikoan, zenbat jokalari dauden prest ez dakigu... Ez gaude egoera indartsuan, eta hori Espainiak apuntatuta dauka.

Kirol selekzioak tresna identifikatzailea eta bateratzailea dira, nazio nortasuna indartzen dute, eta kanpoko irudia lantzen dute. Erronka handia daukagu aurrean, baina ez dakigu nola atera gauden impasse honetatik.

Nola mobilizatu herritarrak berriro, nola motibatu jokalariak eta futbol taldeak, nola jarri berriro gaia agendan... eta ez bakarrik lau urtetik behin.

Bide egokia da helburu horiek lortzeko Espainiako partida ikusten ari diren zaleei eraso egitea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA