Ander Perez Argote

Euskara, bontzoen erara

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Opari eder bat egin digu Garazi Arrulak, baina leku komun bat eskaintzeaz harago, irudimena dantzan jartzeko aukera da eman digun ederrena. Iruditeria oso bat eman digu, baso, piku, zozo, su, piztia eta ke, eta Irene Solaren unibertsoa dirudiela esatera zindoazen, baina agian Arrularen unibertsoa esan beharko zenuke aurrerantzean.

Mezu bat eskatu zioten, eta euskararen aldeko diskurtsoa berritzeko soro bat eman digu. Eta hala, ustez denontzako lurzoru bera zenetik, adar ezberdinak hazi dira, denak liluratuta testuarekin, baina norbera libre interpretaziotan. Horregatik, zuretzat Korrikako mezuko piztia euskararen kontrako mamua den bezala, eta kea bizi garen seinale —sua pizten dugu, ergo ari gara mugimenduan—, beste batzuk piztia aldarrikatzen ikusi dituzu, piztia gu geu garela ulertuz, esna gaitezen aldarrikatzen, eta izan gaitezen basa.

Baso bat galdegin du Arrulak euskara bizi dadin, eta zuk, fantasiarako emandako aukera baliatu, osagaiak desordenatu, eta beste pago batera egin duzu salto: sua geure buruari ematea izan liteke istorioaren beste jarraipen bat. Bontzoen erara piztu eta goitik behera kiskaltzea gure oihana, erre arte erabiltzea euskara, erre oin zolak eta esku ahurrak, akabatu nahi gaituzten horien aurrean protesta egiteko. Hala egin zuten bontzo monjeek Vietnamen, eta hala egin zuen Joseba Elosegik 1970ean, Donostian, Francoren aurrean bere buruari su emanez.

Izan gintezkeen gu ere piromano. Hazitako guztia erretzeko mehatxua egin. Hunkitu genezan bestea, beldurtu, ea horrek eragin dezakeen ezer. Baina horretarako norbait izan beharko genuke begira. Eta inor begira egon gabe bidea egitea da egin dezakegun onena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.