Bazen garai bat, duela ez hainbeste, ezinezkoaren alde borrokatzen ginena. Buruan genuen ortzi muga, balizkoaren mugetatik haraxeago kokatzen zena, lauso eta difuminatu agertzen zitzaigun, eta horregatik eder eta desiragarri. Fantasiazko promes bat zen. Gero, zehazki noiz esaten ez dakizu, pragmatismoaren boterera errenditu ginen, bete-betean. Ordutik, posibilismoaren gizartean bizi gara, zu, ni eta ia denak, non dena den errealagoa, ukigarria, eta, ondorioz, baita aspergarriagoa ere.
Gaur egungo politikaren bereizgarria da: tartea laburtu da aldarrikatzen denaren eta gertatzen den horren artean. Lehen iraultzaz aritzen ginen kalean kartelak jarri aldiro, gure auzotik bertatik apelatzen genion urrunegiko geltoki horri. Orain, gehiegi luzatzen ari den kapitalismoaren hegemonia honetan, iraultzari eraldaketa esatera behartu gaitu sistemak, internazionalismoari kanpo ekintza, ametsari aukera, eta zerumugari, helburu estrategiko.
Kontua ez da jendeari lor ezin dezakezunik agintzea. Errazegia da hitz handiegiak debalde erabiltzea, baina horrek zure zaleak pozteko balio du bakarrik, eta nekez gehiengoarentzako aldaketa materialak lortzeko. Kontua da metaforak betiko ez abandonatzea, poesia berreskuratzea, eta literatura pixka bat gehitzea eguneroko lengoaia politiko errepikakor eta aseptikoari. Silvioren adarbakarra irudikatuz, Galeanok urruntzen ikusi zuen utopiari segika, Pasionariaren Ez dira pasako oihukatuz edo Benitok onartzen ez zuen gurasoen mundu aldrebesari kantatzen lotu ginen borrokara batu daitezen beste batzuk aurrerago ere. Ezezaguna den helmuga horrekin liluratu daitezen, bulkatu ditzan desirak mundu hobe baten alde egitera.
Agian ez da politikan dabiltzan kideei eskatzeko moduko zerbait. Baina etor daitezela orduan behintzat poetak, musikariak eta antzerkilariak, idatzi ditzatela utopia berriak, eta eraman gaitzatela berriz ezinezkoaren mundu horretara, non dena den posible, hain justu dena ezezagun delako.