Bizi naizen aldera ez dira heltzen gabon kanten hotsak, ez ditugu erosketak egiteko ilarak, ez dago argi erakusketa arranditsurik. Eguratsak dakar aroaren usaina, halere. Giza burmuinak ziklikoki izandako eguberrien oroimena bailekarren.
Izandako eguberrien mamua. Dickensen eleberriaren lehen agerkunde horrek hartu du nagusigoa adinean aurrera joan ahala. Txikitan ere horrexek eragiten zidan gehien. Ez da gehiago damuaren mamua, oroiminarena baizik: ez daudenak, ezin dutenak, ez dutenak egon nahi. Haizeak dena nahasita dakar.
Ortzai antzerkiak ekarri zidan begietara azkenekoz Dickensena, Gasteizko Pintore kalean daukaten areto ttipian.
Eta euskaraz? Bada, gehien itzulitako liburuetan ezin zaio aurrea hartu Kempisen Kristoren Imitazioa-ri, baina Dickensen Gabon kanta —Nerea Mujikak eman dion taxuzko izenaz aipaturik— ez da hagitz atzera gelditu, 1990az geroz hiru itzulpen baititu. Perpaus baten bila nenbilela, horra hor non agertu zaidan lehenagoko bat ere badela: Ander Arzelus Luzear-ena (1931).
Gabonetako mamu alaiak hartu nau istantean, gurekin dauden eta betiko daudekeen lagunak gogora dakartzanak. Gozatua da Inazio Mujika Iraolaren 2003ko hitzaurrea irakurtzea (EIZIEren web-orrian eskura), gozatua da Arzelusen euskara gozo mamitsuarekin topo egitea, gozatua da Mitxelenak zion estimuaz jabetzea.
Nahi nuen perpausa ez dut itzulpen hartan biltzerik izan. Ordainetan, etorkizuneko eguberrien mamuaren eskutik heldu naiz Inazio Mujika estimatuak hautatu zuen Arzelusen perpaus honetaraino: «Aberri errota ibiltzeko, abertzale guzion kemenak bat egiñik ere ez ditugu naikoa. Abertzaletasuna, gurea dana maitasunez zaitzea izanik, euskera, aberri ezaugarririk bizi ta nabarmenena maite duanak, aberria neurri txikian bederik maite du. Ta aberri maitasun apur oiekin, aritxo bat emendik, beste bat andik, errekatxoa osatu; errekatxo onen ura beste arenarekin bat egiñik, ibaitxoa; ibai bat, bi, iru ibairen indarra batu ta gure indarrari erantsita, guzien errota ibilaraztea ez ote genuke errezagoa?».
Euskara errota ibiltzeko, zein maitasun apur ez ote ditugu bildu behar?