Ander Perez Argote

Galdu baina irabazi

2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Halako mania dugu politika boto kopuruetan neurtzeko, eta botoak gobernagarritasun aukeretan, ia porrot gisara hartu ditugula joan den igandean BNGk eskuratutako emaitzak. Teoria ongi ikasia dugu, badakigu dena dela politika, berdin kolektiboa zein pertsonala, eta parlamentuetan beste jokatzen dela bataila arlo kulturalean, balioetan edo partekatzen ditugun iruditegi eta erreferentzietan. Baina gero, telebista aurrean eseri eta zenbaketa ehunekoz ehuneko jarraitzea beste aukerarik ez dugu, aurreko horrek denak destilatutako emaitza zein den jakiteko. Tresnak falta zaizkigu politika bere orokortasunean neurtu eta, beraz, irakurketak atera ahal izateko.

Eta, ondorioz, BNGk inoizko emaitza onenak atera dituela bai, baina horren atzean dagoen letra txiki guztia eskapatzen zaigu: Vigon, Galiziako hiririk populatu eta industrialenean lehen indarra izan dela —2020an hiri horretako bost hauteskunde mahaitan izan zen nagusi; orain, pentsa, 232tan—, gazte galiziarren artean lehen aukera dela, eta nabarmenki nagusi dela ezkerreko hautagaitzen artean. Eta, batez ere, eskapatzen zaizkigu horren atzean dauden aldaketa kultural eta generazionalak, eta erakundeetatik harago irabazten doazen botere esparru berriak.

Hariari tiraka, bizitzan galdu baina irabazten dugun kasuez galdetu diozu lagunari. Lan bat galduta irabazten duzun aukerez mintzatu zaizu, edo bikote toxiko bat galduta irabazten duzun guztiaz.

Baina alferrik da. Joan zaitez zu galera bete-betean dagoen norbaitengana zenbat irabazten duen esatera. Denbora behar izaten da. Eta gauzak bestelako begiradekin neurtzen ikastea. Baita politikan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.