Ezaguna da Frantziako eskolak eutsi duen mito nazionalaren formula, Galiarrak, gure arbasoak, nahiz eta arbaso horiek euskaldunak ala bretoiak izan, alsaziarrak ala kanakak, senegaldarrak ala korsikarrak, portugesak ala okzitaniarrak, amazigak ala flandriarrak.
Scroll orduetan ari nintzela agertu zait Anne Lehoërff arkeologoa, eta, segundo gutxiko pilula horretatik La Terre au carré saioko solasaldi luzera joan zait sakelakoa. Gogoz baina distantziarekin, banekielako, ia seguru, haurtzaroan euskaraz gehien gozatu nituen komikietako batzuk (nahiz eta bazen bat zentral nuklearren kontrakoa guztiz ulertzen ez nuena) ez zirela ongiegi geratuko. Asterix eta Obelixen inguruan ari naiz noski. Alaba zaharrari komiki mitikoak pasatzean ulertu nuen generoaren galbahea ez dutela inondik ere gainditzen, baina orain historiarena zetorren. Hasteko, erromatarrek galiar deitu zituzten berez zeltak ziren herriak, Eskoziatik Txekiaraino, Iberiar penintsulan barna Italiar penintsulako iparralderaino bizi ziren herriak. Arkeologoak azaldu zuen hileta errituak, bizimoduak, artisautza eta artea begiratuz gero, Europako eskalan bizi zen zibilizazio bat zela zeltena, metala bikain lantzen zuena, besteak beste.
Zelten mundu hori txundigarria iruditu zitzaidan, baina beste maila bateko oharrek egin zidaten bereziki oihartzun. Lehoërffek azaldu zuen ez zela zelten mundua desagertu. Alegia, pentsatzea zibilizazio bat jaio eta hiltzen dela, pertsona bat bezala, ez dela zuzena. Eta eskualdeen arabera baina oro har prentsa ona duen erromatarren inperio hori basatia izan zela, bereziki Italia iparraldean. Galian hilkorragoa izan zen erromatar inbasioa Frantzian Lehen Mundu Gerra baino: populazioaren %4,2 baino gehiago hil zuten, eta sarritan genozidio hitza aipatzen dute historialariek gaur egun. Zelten armadak garaitu ostean, konkistaren ondoren, matxinada asko egin zituzten zeltek. Lehoërffek gonbita egiten du —AEBak edo Israel fundatzeko erabili den— XIX. mendetik mantentzen den mito galiar-erromatarra alboratzekoa: «Galia ez zegoen hutsik, Europa ez zegoen hutsik: jendea bizi zen eta zelten zibilizazio bat zegoen».