Blanca Urgell

Garunez betea

2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

Hamaiketakoan buruak eman dit platanoa berez ez dela jangarri goxo bat, landare batek haziak babestu eta elikatzeko sortzen duen zerbait baizik. Gizazentriko halakoa ni! Wikipediak esan dit, ordea, egungo gehienak antzuak direla. Linneok berak bi espezietan banatu omen zituen, jangarriak eta Ā«benetakoakĀ» (oker bada ere). Platano eta jan hitzak elkarrekin bil-bil eginda bide ditugu gogoan, non edo non, baina baia eta hazia, adibidez, lekutan daude.

Mamen Horno Zaragozako Unibertsitateko irakasleak (@m_horno) Asterisco aldizkariko artikulu berri batean laburbildu bezala, buruak ez omen ditu berdin prozesatzen aditzak eta izenak.

Antza, aditzek izenek baino argiago aktibatzen dituzte bai garun-azalaren, bai lobulu parietalaren alde batzuk. Izenek, aldiz, lobulu tenporaleko atalen bat. Gainera, hala hizkuntza-jabekuntza nola afasiak eta dementziak aztertzerakoan frogatu da aditzak izenak baino nekezago ikasi eta, halaber, arinago ahanzten direla.

Horno irakasleak berretsi du, baina, ziurrenik kategoriak (izena/aditza) baino garrantzi handiagoa duela semantikak (objektua/gertakaria). Horrek garrantzia du hitzak buruan non-nola gorde ohi ditugun jakiteko.

Funtsean, hiru faktore nagusi omen daude: hoskidetasuna, elkarrekikotasuna eta lotura lexikoak. Hortaz, batetik, banatu eta banana hurbil(ago) daudeke, bai eta aburu eta liburu ere; bestetik, elur eta zuria, hitz eta egin, azterketa eta garaia; baita, bestalde, sarbide, sarraldi, sarrera eta sartu edo behia, mandoa eta astoa ere.

Niri neuri, izen berezi bat aurkitu ezinik nagoenean, gardenki datorkit gogora haren hasierako letra, batzuetan hurrengoa ere bai. Badirudi burua garunez betea dugula, harako hark zioenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.