Aitona-amonek gabonetan eta urtebetetzeetan oparitzen zizkiguten liburuetan zegoen zigilu moduko hori da nire lehen oroitzapena. Ez nekien liburu denda hori non zegoen, baina beti asmatzen zuten erregaluarekin. Orain daukadan egun-pasa zale itxurak ez dio justizia egiten berez naizen gautxoriari, baina beti kostatu zait lo egitea, eta berandura arte geratzen nintzen irakurtzen: txikitan Banbulo eta Krokodilo bat ohe azpian, adibidez. Eta nerabetan Gose jokoak eta Baina bihotzak dio, besteak beste.
Hemezortzien bueltan hontz honek utzi zuen habia eta joan zen Bilbora ikastera, egin zituen lagunak klasean eta hasi ziren elkarrekin bizitzen. Hor bai ginela gautxori, ez bereziki ohean irakurtzen geratu zaleak, kaleak erretzekoak baizik. Kostata segitzen nien erritmoa. Nire lagunek flipatzen zuten nola bizi nintzen tamaina hartako juergazaleekin. Nik esaten nien haiei esker elikatzen nintzela goxo, eta orain atzera begira, pentsatzen dut bazegoela zerbait T-ren afalosteko bata-etxeko zapatila-betaurreko dress-code-an etxe sentiarazten zidana. Liluratzen ninduen Hontzakoen ondorengoa zela jakiteak. Aitona-amonen liburu eder horien jatorria kokatzen nuen mapan azkenean, eta ni mapa konplexu bat zen Hontza-zale sare horren parte sentitzen nintzen, nolabait.
Jakina, ez nion luzaz gaueko erritmo horri segitu. Joan nintzen kanpora ikastera, bukatu genuen unibertsitatea, gero eta maiztasun gutxiagorekin topatzen ginen... Harik eta behin Lasartera bizitzera itzulita, Hontzara nire kabuz joan nintzen arte. Hor zegoen T, berea bainoago nirea zen ametsa konplitzen: lagun bat liburu-saltzaile. Makina bat bider eskatu dizkiot mesedeak ordutik. Ekarri dizkit Elizabeth Jelin eta Rebeca Solnit. Segitu dut parrandan ikusten eta gero dendan, eta segitu dut gure etxeko garai horiek erreproduzitzen: orain alkohola eta trekkingak, orain kolakaoa eta etxeko zapatilak.
Eta ohartzerako jada ez daude aitona eta amona, ezta Hontza ere, eta ezer ez da berdina izango, nahiz eta nik jarraituko dudan insomnioarekin, eta irakurzale, eta tartean behin topatuko ditudan lagunak festaren batean ordu txikitan.