Gu, 70eko hamarkadako gazte haiek, gogoz saiatu ginen deus ere jakintzat ez ematen, frankismoko gizartearen zutabeak —erlijioa, familia, ordena, autoritatea— kolokan jarri nahirik.
Dena etengabe zalantzan jartze hori ezinezkoa izan zait, niri behintzat, baina oroiminez begiratzen diot garai horri, bai baitago zerbait polit, sakon, betegarri jarrera horretan. Gizakiaren lorpen handi eta txikiak sarrienik hortik datoz-eta.
Gramatikan ere izan da horrelakorik. Galdera batekin hasiko: nola adierazten da euskaraz infinitiboa? Erantzun tradizionala hauxe: ez du berez horrelakorik; batzuetan partizipioaz ordezkatzen da (Joan behar dut), bestetan aditz-izenaz (Laster ikustea espero dut).
Euskara ez dago bakarrik horretan. Badira infinitiborik ez izateagatik bereziki ezagunak diren hizkuntzak: arabiera, kasu. Mandarin txinera bezalakoetan bi aditz darabiltzate bata bestearen ondoan: adib., Wǒ xiǎng qù ‘joan nahi dut’ (Translate), non xiǎng ‘nahi izan’ eta qù ‘joan’ baino ez diren.
Finean, galdera bera txarra dela esan behar: ez dago infinitiborik zertan izan. Gramatika-unibertsoa beste era batera antolatua da, bai arabieraz, bai txineraz, bai eta euskaraz ere, jakina.
Europa mendebaleko hizkuntzen deskribapena latinaren gramatikaren ildotik sortu zen. Latinak bazuen infinitibo bat, aditz-izen deklinaezin bat. Haren orainaldiko formetatik datoz eskuarki hizkuntza erromantzeen infinitiboak.
Bitartean, kristau misiolariek kolonietako hizkuntzak deskribatzeari heldu zioten. Hizkuntza gehiago ezagutu eta latinaren gramatikaren mugen desegokitasuna nabarmenago.
Erreparatu baliote, bazuketen hurbilagoko ispilurik. Gure lehenengo hiztegigileak, Nicolao Landucci italiarrak (1562), «comer, jan» erara jaso zuen, baina haren C berriemaileak beaza egina ‘mehatxatu’ bezalakoak ditu, dudak ziren seinale. Dudak zituen, halaber, Leizarragarenean (1571) zuberotarrentzako hiztegitxoa egin zuenak ere: A letran bederatzi hitzetan aurrena «abolitzea, kencia» dugu, eta azkena «azquendu, çupertu». Gero bi tradizio sortu ziren, zalantza hori ebatzi beharrez, bata Iparraldean (kentzea) eta bestea Hegoaldean (kendu), baina hori beste istorio bat da…