Itzea Urkizu Arsuaga.

Gauza txikiekin

2025eko azaroaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jolas bat da. Jolas bat proposatzen dio sortzaileak hartzaileari, eta, arauak inon idatzi gabe egonagatik, jolasak berak bideratzen du tratua, estimuluen bideetan barna. Bata zein bestea, sortzaile eta hartzaile, hunkidurara, dardarara, oilo-ipurdira iristea izango da jolasaren arrakastaren seinale.

Jolasak dimentsio oso handia duenean, gure imajinazioak irudika zezakeenaren neurriak gainditzen dituenean, zirraragarri suertatzen zait: maite dut handira jotzen duen eta zentzumenak zurrunbiloan mugitzen dizkidan sorkuntza bat. Euforia gaindosi unibertsalak, ama hizkuntzan. 

Gauza handiei eskatzen baitiegu sentimendu lehergarri bat: gure gogoa espazioratzea, suziri batek bezala, metxak irauten duen arte. Gauza txikien sua, ordea, motela eta baxua da, zapata bustiekin eta hoztutako oinekin etxeratzen zarenean gorputza epelean sartzen laguntzen dizun bero hori. 

Eta, akaso adinagatik izango da, baina, sinetsita nago epe luzera gauza txikiak direla gugan lilura handiena sortzen dutenak. Bizitzan, oro har, eta sortzaileekin jolastokian elkartzen garenean, zehazki: eskelak leitzen dituen aita, bina plater jartzeko eskatzen dizun ama, txakurra fereka eske, iloba hogeira arte zenbatzen ikasten. Bizitzako keinu eta errutina txikien edertasuna, kantu batera eramana. 

Larunbat iluntzean, Iruñeko Baluarte sutondo idiliko bat izan zen. Su motelak utzi zion jolasaren magiari besterik gabe gertatzen, eta jolas egin genuen, haur txikiak bezala, gauza txikiekin. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.