Inozente samarra, bai, baina ederragoa begitantzen zaizu mundua pentsatuz gero, demagun, EAEko Hezkuntza Saileko goi funtzionarioren batek, Nerea Ibarzabalen pasa den larunbateko bertsoak entzun, eta post-it batean ohar batzuk hartu dituela, astelehenean, lanera itzultzerakoan, bere kabinetea bildu eta irakasle ordezkoen prekaritateari buelta nola eman pentsatzen hasteko. Dibertigarriagoa da mundua, pentsatuz gero bankari batek negar egin duela etxegabetze baten istorioa kontatzen duen antzezlan bat ikusita, eta gazte batek, obra beraren aurrean, bere herriko etxebizitza sindikatuan sartzea erabaki duela. Eta ederra litzateke maitaleak, liburua itxi eta ohetik sabaiari begira, irakurritako azken lerroak buruan dituela, erabakiko balu biharamunean esango diola bikoteari aspaldi eztarrian trabatua duena.
Tamalez, honezkero badakizu kultur artefaktuen eragina ez dela hain kausa-ondoriozkoa, ez hain bat-batekoa, ez hain zuzena. Kulturak alderik alde zeharkatzen gaitu, zer esanik ez kulturaren esanahirik zabalena hartzen badugu (gure balio kate, ohitura eta giza antolaketa osoa barnebiltzen duena), baina baita kultur obretara, sorkuntza jakinetara, mugatzen bagara ere. Edonon dauzkagu, kolpatzen gaituzte, hunkitu eta hausnartzera bultzatu, eta hala ere, ameslari samarra litzateke pentsatzea kultur lan batek sistema politiko bat eraitsi dezakeela, edo iraultza bat piztu.
Baina bada zerbait esaten diguna eragin eragiten duela, zerbait sedimentatzen doala, gizataldeak poliki-poliki alde batera edo bestera mugiarazten dituena. Sarri planteatu den dilema da: gizartean langabe bakar bat dagoen momentu beretik, etxebizitza duinik ez duen herritar bakar bat, zilegia al da erakunde publikoek kulturan dirua inbertitzen segitzea? Krisi garaietan erantzun populista sinplista eta erraza lukeen bidegurutzea da, are gehiago sarri nork gobernatzen gaituen ikusita.
Eta hala ere, momentuz behintzat, blindatua dirudi erantzunak gure gizartean, ongi azaltzen ez dakigun zerbaitengatik, edo akaso, elikatua, aterpetua eta asea den piztia bat bainoago gizaki sentitzeko dugun berezko beharragatik.