Maider Galardi

Hamar urte

2026ko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamarkada bat BERRIAko Andoaingo erredakzioan nengoen, miresten nituen lankideen artean. Sei egun neramatzan nire ametsetako praktiketan: Maite Asensio Lozano nire albisteak zuzentzen eta kazetaritza feministaren mentore. Egun horretan ere egokitu zitzaidan jai giroan izandako sexu erasoen berri ematea, nahiz eta ordurako egunkaria ari zen etengabe erasoen berri emateak eragin zezakeen narriaduraren gaineko gogoetan, eta mugimendu feministako kideen eskutik gaiari kazetaritza ikuspegitik nola heldu pentsatzen. Egun horretan Iruñeko sanferminetan izandako zenbait erasoren berri eman nuen. Handik gutxira jakin zen erasoetako bat talde bortxaketa izan zela, erasotzaileen artean guardia zibil bat eta militar bat zeudela, erasoen aurkako herri oihua ere jaso genuen… Eta sanferminak amaitzean bi orriko pieza bat sinatu genuen Ion Orzaizek eta biok festen bueltan zebiltzan eragile instituzional eta sozialei galdetuz ea nolakoak izan behar zuten erasoen aurreko jokamoldeek. Tamalez, badakigu hedabide guztiek ez zutela etikoki jokatu.

Auziak kalea astindu zuen, eta etorri ziren bi greba feminista, justizia patriarkalari kritikak, abusua eta erasoa bereizteari uztea eta lege bat. Oroitarazi nahi nuke, ordea, Iruñean lehenago ere egiten zirela gaueko manifestazioak, haiei ikasi geniela beste hainbat herritako feministok beldurra bandoz aldatuko zela, eta plazera ere bai. Egunotan egingo diren erreportajeek ekarriko al dute lerroetara Iruñeko feministen indarra, erasoen aurretik, biharamuneko erantzunean eta prozesu judizialak iraun bitartean. Ekarriko al dute kaputxa jarri eta kalea hartzen segitzen dela transfeminismotik, salatzeko eraso matxistak ez ezik, eraso homofobo eta transfoboak ere gertatzen direla, Maruxak taldeko kideek seinalatu bezala. Zuekin denekin egin nahi nuke dantza eta borroka. Hamar urteren ostean, zuekin nahi nuke Nabarreriako edo Jarautako txokoren batean topa egin inpunitatearen kontra eta gozamenaren alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA