Blanca Urgell

Hegalak erre arte

2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zhuangzi-k amets egin omen zuen tximeleta zela. Esnatzean, zalantza sortu zitzaion: ea tximeleta amestu zuen gizona ote zen, ala tximeletak amestu zuen gizona.

Aldizka txinparten hotsek burua altxarazi zioten Axularri istant batez, itzulinguruka zebilzkion sitsen edo zerrenen azkenaz metafora gisa baliatzeko lain: «Uli-farfailla ez baita hegalak erra arteiño kandelaren ingurunetik urruntzen». Udako gure afarietako bisitariak. Biziaren labur eta ezdeusaren iragarleak, zirt-zart, su-inar batez zenduak.

Giza arimak hego arinak ditu grezieraz, ingumak bezala. Hala, grezierazko psike izenak aldi berean lepidopteroa eta ‘giza arima’ edo ‘giza gogoa’ adierazten ditu.

Gaztelaniaren akademiak psique-ren esanahi filosofikoa (‘arima’) gorde du, gorde ere; Euskaltzaindiak, aldiz, psikologiak jantzi dion esanahia esleitu dio psike-ri. Frantsesaren akademiak bat egiten du horretan gurearen modernotasunarekin, baina psychĂ© esanahi oso frantses batez ere hornitu du (horrela esaterik balego): «Ispilu handi eta mugikorra, eskuarki obalo-formakoa; (...) nahi adina makur daitekeena, norberaren gorputz osoa ikusteko moduan».

Txirrimistek eta ispiluek Platonen leizera eraman gaitzakete, itzalen mundura. Bestela, Japoniara bidaia genezake, non hegaldun horietako bat etxean sartzea hildakoren baten bisitatzat hartzen omen baita.

Ozeano Barearen beste aldean urri-azaroetan iristen dira hainbat dokumentalek aurkeztu dizkiguten monarka tximeletak. Mexikoko Gobernuaren web-orrian diote bidaia —lau mila kilometro pasa— Kanadan eta Estatu Batuetako ipar-mendebalean hasita, tarteko lur zabalak zeharkatu eta, azkenik, Mexiko eta MichoacĂ¡n estatuetako Tximeleta Monarkaren Biosfera Erreserbara iristen direla. Biosferak biziarekin lotzen dituen ber, datak ezinbesteko bihurtu du Hilen Egunarekin lotzea: MichoacĂ¡neko jatorrizko biztanleek, purĂ©pechek, hilaren arimatzat hartzen omen dituzte datozen hegalariok, eta haien etorrera hilen bisitaren iragarletzat. Japonian banaka, Mexikon hamaika.

Metamorfosiaren misterioa eta edertasunaren laburra: horra hor pinpilinpauxaren irakatsiak. Eta, bizitza amets denez, Xabi PayĂ¡k itzuli legez, goza dezagun abuztu honetaz hegalak kandelan erre baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA