Gauza guztiak ez dira beti hemen egon. Badakit badugula gauzei betikotasuna itsasteko joera, beharbada pentsatzen dugulako beti hor egon dena ikusi badugu, gu ere beti egongo garela. Baina denak du hasiera noizbait. Bilboko Kafe Antzokia ere ez da beti hor egon.
Agian zuk ere ondo gogoan izango duzu egunkari zenbaitetan agertutako iragarkia. Ehunka langile euskaldunentzako lan eskaintza bat zen, denetarik behar zuten, Bilbon, laster, sortu behar zen egitasmo berri baterako. Misterioa atoan argitu zen: euskaraz jardungo zuen jatetxe, taberna edota kontzertu gunea. Eta ez edozein toki, ezta edozein lekutan ere: munduan euskaldun gehien dituen hiriaren gune finantzieroaren erdian. Urteak igarota, ezer nabarmendu beharko banu, horixe litzateke: ghettoetatik urrundu eta, konplexurik gabe, piztiaren bihotzean gailur egiteko irmotasuna. Honaino heltzen dira gure itoginak baino, hemendik eta infinitura hasten dira gure itoginak. Zoro kuadrilla asko izan ditu euskalgintzak, eta eskerrak. Behin, beste lurralde bateko euskaldun batek zalantzan jarri zidan horrelako super gune euskaldun bat zabaltzeko Bilbo ote zen lekurik egokiena. Nik ez daukat zalantzarik, eta biziki eskertzen diot duela hogeita hamar urte honi ekin ziotenen argitasunari. Zenbat pertsonak ezagutu ditu euskararen aukera guztiak gune honetan? Zenbatek egin dute eskola garaitik ahaztua zuten hizkuntzaren mintzapraktika? Zenbatek ulertu dute hizkuntza bizia dela, eta beste hizkuntza guztiek balio duten bererako balio duela? Bilbo inguruko euskaldunontzat, neuretzat behintzat, arnasgune ezinbestekoa izan da Kafe Antzokia, abaroa izan baita zentzurik zabalenean. Hiru hamarkada joan dira, horrela, putz pare batean. Ile zuriak eta zimurrak hasi zaizkigu, gomutetan daude bide bazterrean geratu zitzaizkigun lagunak, eta jarraitzen dugu, tarteka bazkaltzera, tarteka kontzertuetara, tarteka gauetako dantzaldietara (gutxiago, orain, daitort). Hiru hamarkadaren ondoren, «eskerrik asko» baino ezin diegu esan ekintzaile adoretsuei, ezina ekinez egiten delako.