Bi alde desberdin —baina era berean osagarri— dauzkan jazoera batek astindu du asteon Hondarribiko —eta kanpoko— herritar askoren kontzientzia. Udaltzain batek Hondarribian bizi zen Babacar Welle hil du tirokatuta, argudiatuz hildakoa kalean zebilela aiztoa eskutan hartuta jendeari mehatxu eginez. Udaltzainaren kontakizunarekin jarraituta, Wellek mehatxua egin zien atxilotzera hurbildutako ertzainei eraso egingo ziela, eta ertzainen bizia arriskuan zegoela jabetuta gorputzera tiro egin beste irtenbiderik ez zuela eduki diote. Baliteke, lekuko asko zeudelako, udaltzainaren egitatearen bertsioa oso gertu egotea egiatik, baina ez izatea egia osoa.
Hondarribiko alkate Igor Enparanek aitortu du gizarte porrotaren adierazlea dela gertatutakoa, Wellek buru osasuneko arazo larriak zeuzkala, eta artatzen ari zirela udalaren gizarte zerbitzuak, Gipuzkoako Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta. Ardurei uko egin gabe, zintzotasunez aitortu du Welleren lanketaren porrota, gertatutakoa eragozten asmatu ez dutelako. Ez da gutxi horrelako gertaerak izaten direnean, beste arduradun politikoek batzuetan eduki ohi dituzten jokabideak gogoratuta. Horraino lehenengo osagaia.
Bigarren osagaia, udaltzainaren jokabidea da. Aitortuta muturreko egoera horiek tenplez kudeatzea oso-oso zaila dela, eta odol hotz dosi handia behar dela segundo batzuetan neurriko erabaki zehatza hartzeko, zilegi izan beharko luke udaltzainaren jokabidea guztiz egokia eta —polizia jardunetan urrezko kontzeptua hona ekarrita— proportzionala izan ote den eztabaidatzea, nahiz Weleren kasuan berandu iritsi eztabaida.
Tiroa jo behar izatekotan, ezinbestekoa zen Welleren gorputz enborrera hiru tiro egitea eta ez, esate baterako, hanketara? Onartuta errazagoa dela tiroan asmatzea enborrera botata hanketara botata baino, egin al zuen udaltzainak hanketara botatzeko ahalegina?
Ikerketak erabat argitu beharko du jazotakoa. Baina ez dezagun ahaztu: pistolekin dabiltzan poliziek formazioan askoz denbora gehiago igaro beharko lukete Hondarribikoa bezalako gertaerak zintzo kudeatzen, ituaren erdian jotzen ahalegintzen baino.