Ander Perez Argote

Igogailuan

2023ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Iruñeko Alde Zaharrera igotzeko igogailua hartu ohi duenak badu haren berri: mikro eta bozgorailu bati lotuta, rap kantari bat egoten da sarri han, zain daudenei mezu ekologista, antikapitalista eta antiespezistez betetako erretolika eskainiz. Xelebre samarra egin zaizu beti tipoa, zertan ukatu, eta zuk zeuk sekula serioegi hartu ez baduzu ere, grazia egin izan dizu beti jende hori guztia, batez ere begi bista hutsez zure antipoda ideologikotan kokatu izan dituzun asko, halako mezu politiko zuzenak aurpegira jasaten ikusteak, ihesbiderik gabe, munduko igogailu mantsoenetako bati itxoiten dioten bitartean. Baten bat haurrei belarriak tapatzeko imintzioa eginez ikusi duzula ere ziurtatuko zenuke.

Grebaren bezperan ikusi duzu azkenekoz igogailuko eszena, eta ezin izan diozu parekatzeko tentazioari eutsi, etxera iritsi eta asteko zutabea idazten jarri zarenean. Bada denbora bat grebek eragin gehiago dutela erdigunean kokatzeko gai diren mezu politikoengatik, ehun produktiboa bera benetan geldiarazteko aukerengatik baino. Sekula zaintzaren auzia eta horren irakurketa feminista entzun gabeko asko imajinatu dituzu azken asteetan gai horrekin parez pare. Eta atzo greba egin ez zutenak greba egin zutenak baino gehiago izango zirela dakizun arren, eman dizu halako arrakasta sentsazio bat hainbeste jenderi mezua iritsiko zitzaiola irudikatze hutsak.

Ez hitz egiteagatik gizonoz, are ezkertiar eta politizatuenez, greba orokorra zela jakitean interpelatuta sentitu ginen denoz, besteen kontua ez zela ikustean. Beti gorako igogailuen zain egon ordez aldapa oinez ere igo daitekeela ikusarazi zitzaigunoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.