Eneko Bidegain.
Larrepetit

Ikur bat

2013ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Sukaldeetan, saltegietan eta propagandetan ikusten diren izen handiko marketariko bat Euskal Herrikoa izateak ematen zuen halako harrotasun bat: Euskal Herrian ere badakigu frigorifikoak, labeak edo beste etxetresnak egiten eta kanpoan saltzen. Marka ezagun bat ekoizten duen enpresa kooperatiba izatea ere harrotasun iturri da, ez baita ohiko egitura; are gutxiago enpresa handien kasuan. Kooperatibak berak enpresa txiki edo ertainak direlakoan, balentria gisa hartu izan da kooperatiba batek hedapen hori lortzea.

Harriduraz edota mirespenez begiratu izan zaio Euskal Herriko kooperatiba mugimenduari, Euskal Herritik eta kanpotik. Eta horren ikur bat da Fagor. Ikur bat Euskal Herriko industrian, ikur bat kooperatibismoaren munduan eta ikur handi bat, nola ez, Debagoiena ibarrean.

Arrasate eta inguruko herrietako paisaiaren parte da Fagor, lantegiak ezker-eskuin baitauzka, eta Fagorren logoa non-nahi ageri baita, Anboto eta Udalatx begira dauzkala. Azken hilabete luzeetan zabaldua zen kezka eta beldurra, lurrikara baten gisan lehertu da aste honetan. Egunkarietako azaletan agertzeak drama «ofizializatu» du, barneak iluntzen ditu, sabelean eta bularraldean dardarak eragiten ditu. Fagor taldearen etxe nagusia, Fagor Etxetresna arrisku larrian dago, eta 1.800 bazkide (hainbat kasutan familia bereko kide bat baino gehiago) lana eta, beharbada, jarri zuten kapitala galtzekotan. Kapitala, Debagoieneko beste lagun andana batek ere jarri zuen. Haiek ere pairatuko dituzte ondorio ekonomikoak.

Ondorio ekonomiko larriak izanen dira Mondragon taldearentzat, Debagoienarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Itxaropena ez da galdu behar hala ere: hamarkadetan erakutsi den dinamismoak, elkartasunak eta lidergoak trantze txar hori gibelean uzteko eta bide berriak urratzeko gaitasuna izanen ahal du!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.