Iñigo Aranbarri.

Instagram politikoa

2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauzak bestela ziren garaian, ezkerra ez zen pertsona bat. Horrek ere bereizten zituen ezker-eskubiak. Hauteskunde  afixetan ikusten zen aldea ondo.  Batzuetan, hurrengo agintaria agertzen zen. Besteetan, berriz, jendea, ikur bat, multzoa eta ilusio kolektiboa. Politika ulertzeko manera bi ziren. Batzuek boterea erdiesteko  aukera zuten; besteek, «hemen gaude» aldarrikatzen zuten. 

Denborarekin gauzak aldatu egiten ziren, ordea. Botereguneak irabazi ahala, ezkerrak eskubiari ikasi zion irudiaren gramatika, eta apurka-apurka, liderrak hasi ziren multzotik bereizi eta tokia okupatzen. Nor dago hemen kaikurena egiteko. Multzoan, difuminatu egiten da fokoa; bakarraren gainean jarrita, berriz, indarrean irabazten da. Ederto daki hori literaturak eta zinemak. 

 Eta politikariaren irudiak ezkerra eskubia beste liluratu duen honetan heldu da «Espainiako ezkerra» batzera Gabriel Rufian. Bitxia, bada, katalana eta independentista izanda. Baina kasualitatea, ez da. Espainian, hedabideek «fabrikatu» duten pertsona baita Rufian. Berba errazeko, ironian maixu, eta oso garaiko pertsonaia. Eta inportanteena: gazteleraz aritzen da, interferentziarik gabe eta iaio. «Egoa? Egunero bezatzen dut. Kamioia lako egoa dut, bestela ezin izango nukeen politikan ibili»,  aitortu zion Jordi Evole kazetariari. 

Esan daiteke, jakina, egitasmo askok norbanakoen eraginez egiten duela aurrera. Ez da hor gezurrik. Baina «fronte antifaxista» baten itaurreko bere egoa domatzen lanak dituen pertsona bakarra agertzeak gehiago du ikuskizunetik ezer egingarritik baino. Espektakulu hutsa, arian-arian, batzuen ahuldadea eta besteen ergelkeria agerian uzten duena. Instagram garaiko mundu ikuskera; pentsatzea bezala, Trumpen erabakiak pertsona bakar baten obsesioak bideratzen dituztela. 

Oker nabil seguruenik, beste garai batek kutsatua. Ez naiz inoiz ona izan analisi politikoetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA