Ander Perez Argote (2)

Irabazi ala galdu

2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ea, esan zintzo: zer duzu gehiago, igandean euskal ezker independentistak sekulako emaitzak lortzearen ilusioa, ala faxistak estatuko gobernura iristearen beldurra? Grafikoak eta inkestak argitaratzen direnean, batzuentzako eta besteentzako estimazioei begira zaudela, zerk mugitzen dizkizu gehiago barrenak? Bai, egia da, jokatzeko dago oraindik partida, eta zuk ere heldu nahi diozu esperantzari, baina inkesta gehienak bat datoz bi suposizioetan: ezker subiranistak ikaragarrizko emaitzak lortuko dituela, batetik, eta halere ez dela egongo nahikoa gehiengo aurrerakoirik Espainiako Estatuan PPren eta Vox-en arteko gobernu bat saihesteko. Eta, beraz, jar zaitez igandeko gaueko tesituran, irudika ezazu zeure burua telebistari begira, eta erantzun: zer duzu gehiago, abertzaleon emaitza historikoengatiko poza, ala ultraeskuinaren agintearekiko kezka?

Tokatu behar zitzaigun guri ere paradoxa krudel hau, behin irabazi eta hala ere galtzea. Guri, gehienetan galtzen genuenez tarteka «gaur guk irabazi dugu» oihukatu behar izaten genuen horiei. Pasatu da denbora ordutik, etorri ziren estrategia aldaketak eta subjektu politiko berriak, eta orain ez dakizu ongi bereizten noiz utzi genion galtzeari eta noiz hasi ginen irabazten. Lehen, sekula ez genuela irabaziko pentsatzen zenuen; orain susmoa duzu agian sekula ez dela guztiz irabazten, dena galtzeko mehatxuak hor dirauen bitartean. 

Eta hala ere, egon beharko luke zerbait hor tartean, guztiz ez galdu eta erabat ez irabaztearen artean. Zerbait bultzatzen gaituena borrokan segitzera, jakinda ere agian ez dela garaipen osorik egongo. Zerbait sendoagoa, Galeanoren utopiaren kontu txatxu hori baino. 

Ez, zuk ez dakizu irudikatzen zer litzatekeen garaipen erabatekoa. Ez dakizu halakorik baden ere. Baina egotekotan, faxismoari sendo, irmo eta gehiengo osoz aurre egiten dion herri baten traza hartzen diozu. Igandekoa urrats handi bat izan daiteke bide horretan. Irabazi arren galdu dugula esan ordez, galdu arren irabazi dugula esan dezagun.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA