martxelo otamendi

Iran, AEBen eta Israelen aitzakiak

2026ko martxoaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galdera asko sortu ditu AEBek eta Israelek Irani egin dioten eraso sarraskitzaile eta onartezinak, galdera asko eta ziurtasun bat. Ziurtasuna: erasoak urratu egiten ditu AEBetako legedia eta nazioartekoa. AEBetakoa, presidenteak Kongresuaren baimena behar duelako horrelako eraso bat egiteko; nazioartekoa, Nazio Batuen Erakundeak hartutako erabaki baten ondorio izan behar duelako.

Galderak. Nola da posible —jakinda AEBak indar militar handia biltzen ari zirela Iran inguruan, eta ez, bereziki, izurdeak pasatzen ikusteko— Irango buruzagi nagusi Ali Khamenei eta haren nukleo gogorreko berrogei kide denak batera leku bakar batean bilduta egotea?

Ezaguna da oso albiste itxaropentsuak iritsi zirela joan den ostiralean AEBek eta Iranek Genevan —Omanen bitartekaritzarekin— egin zuten bileratik. Hartaraino, aste honetako astelehenerako geratu zirela bi aldeak negoziatzen segitzeko. Are, Omango bitartekariek esan zuten Iranek arma nuklearrak ez garatzeko borondatea adierazi zuela. Horrela izanda ere, Irango inteligentziak ez zien herrialdeko arduradunei jakinarazi AEBen eta Israelen jomuga zirela oraindik ere? Ez zuten aukera hori aurreikusi, eta ezinbestekoak eta oinarrizkoak ziren segurtasun neurriak hartu? Nola eman diete aukera kolpe bakar batean horrenbeste arduradun hiltzeko? Segurtasun hutsegite larria ematen du.

AEBek eta Israelek Iranen asmoaren berri baldin bazekiten, zergatik egin zioten eraso Irani ustekabean larunbatean? Izan ere, Iranen atzerako pausoa egia izanez gero, urteetan desiratu duten erasoa egiteko argudio nagusiak indarra galduko zuen, eta zailago edukiko zuten nazioartean erasoa zuritzea. Hor egon liteke erasoa azkartzeko arrazoi nagusia. Ez zuten libre utzi nahi etsai handia.

AEBetako armadak osagai asko mugitzen baditu norabait (gerraontzi handiak, hegazkin ontziak, inteligentzia agenteak…) segurutzat jo dezakegu eraso egingo duela. Horrela egin dute Venezuelan eta Iranen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA