Hedoi Etxarte

Irrati publiko nazionalaren geroaz

2026ko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit Aimarz, Kiliki eta Mattinen abesti berriarengatik izango zen (Hemendik at!-en beste bati erreferentzia zuzena egiten ziolako), baina aste berean hirugarrenez nostalgiak bularrean jo ninduen. Badakit aski prentsa eskasa duela kontzeptuak, iraganaren hautaketa eta idealizazio batean oinarritzen dela (abestiaren kasuan, Hemendik At!-etik nabarmen egin dugu aurrera: sexu askapena kanpoan seinalatzetik norberak haragitzera pasa da).

Sex sua bai bezperako afalosteko etxeko eszena batekin nahastu zen, hortzak garbitu berritan alaba zaharra ziztuan egongelara etorri zenean esatera «Begoña del Teso!». Nahastu zitzaitzaidan pentsatu nuelako: Del Teso antenatik joaten denean, pertsona aparta bat galtzeaz gain, estilo bat galtzeaz gain, gogoetak egiteko molde oso bat galduko dugu gure irrati publiko nazional bakarrean. Eta nahastu zitzaidan Del Teso Pello Zabalak zuzentzen zuen Klasikoak gaur-ekin. Euskadiko Orkestra da, segur aski, euskaldunok daukagun azpiegitura publiko eta nazional bakarra, Euskadi Irratiarekin batera. Baina bada nazionala orkestra bat gero ez badauka, sikiera astean hirutan, musika klasikoaz jardungo duen irratsaio espezifiko eta espezializatu bat?

Ados, kulturaren gaineko podcastak daude, neurrira egindako saio interesgarriak (Lizardiren baratzetik Oier Aranzabalen solasaldietara), fikziozko sail bikainak, baina euskal literatura existituko al da Arantxa Iturbe eta Nekane Peñagarikanok erretiroa hartzen dutenean? Gasteiz, Iruñea eta Baionako kultura zuzendari orokorrek badakite gure literaturari ekarpen nabarmena egiten dieten idazleetako askok, mendian buelta eman eta idazten ari diren ipuin zorrotz horretarako ohar bat hartzen dutenean, sarritan pasatzen zaiela burutik Arratsean-en agian galdetuko dietela idatzi duten horri buruz?

Kontua, noski, nostalgiaren drama, ez da bakarrik kulturara eta irratira mugatzen, orokorragoa izan daiteke, zeren nork azalduko dizkigu etorkizuneko Ormuzko itsasarteak Mikel Aramendiren ahotsa existitzen ez denean.

Gerta daiteke, oso sarritan gertatu zait, oker egotea eta EITBko zuzendaritza honen guztiaren kontziente izatea. Eta planifikatua izatea, etorkizun hurbilean, errelebo pertsonal horietaz gain puntako saioak asteburu eguerdietatik aurrera, adibidez, gainontzeko gizakiei bezala, euskaldunei interesatzen zaizkien hamaika gaien inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE