Ganduak Iruñerria hondoratuta entzun nuen Iosune de Goñi Lurrak eta itsasoak poema irakurtzen Bigarren Zabalguneko txoko batean. Eskaintza bat dauka poemak: «diamanteen hondartzan bizirik gabe aurkitu genuen itsas txakurrari». Irakurri aurretik Iosunek azaldu zuen nola topatu zuten lagun batek eta berak hildako itsas txakurra, nola ari ziren bertaratutako beste gizakiak argazkiak egiten, irri ere egiten zutela. Iosunek eta lagunak bakarrik geratu arte itxaron zuten eta hondartzako harri batzuk hartu zituzten, bata bestearen gainean jarrita zutabe bat egin arte.
Segituan etorri zitzaizkidan gogora Landetako medusa arrosa erraldoiak, ausartenek, metalezko pala gorriekin, «badaezpada», bitan banatu zituztenak. Eta institutuan nola ikaskide batek kontatu zigun haien herrian harriekin euste-horma bat egiten zutela eta gero lixiba bota, arrainak hiltzeko. Eta beste ikaskide batek nola kontatu zuen behin zuritutako txolarre bat hartu zutela eta nola erauzi zizkioten, bizirik zegoela, hegoak. Oroitu nuen ere, zenbatetan, ez ote zigun ihes egin harrapatutako sugandilak kotxean eta eskuetan geratu zitzaizkigun isatsa.
Horregatik, berriki Pomme-k argitaratu duen diskoarekin batera (entzun Seule dans la foule) iritsi den Hutsak gure izena ahoskatu zuenean iruditu zait baltsamo baino gehiago lurrari salmo bat, bizidunei, Frantzisko Asiskoa bezala, hiltzear zegoenean ere inguruan zeuzkan arratoiekin bakean zegoena.
«Lurrak eta itsasoak zure gorpua har dezatela/ bazter honetara ekarri zaituzten olatuekin/ izotzarekin bat eta asko izan zaitezela/ bizi berri bat elikatuz beste zerbait bilakatuz/ algak eta loreak haz daitezela zure begi-zuloetan/ eta lanperna-musuak habia egin dezala/ zure barneko itsaslabarretan». Maite dugun eta hil berria den edonoren agurrean irakurtzeko orri bat.