Iñigo Aranbarri.

Itzuli

2026ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itzulian dator Carles Puigdemont Napoleoni esker (eta Abbari!) ezaguna zaigun Waterlootik. Puigdemont ez da, baina, Bonaparte, nahiz eta bataren eta bestearen derrotaren aitzakian, baden jende gaiztorik konparaziotarako. Abenduaren 12an itzuliko omen da Bartzelonara, erbestean bederatzi urte eman ostean.

Itzuli. Beti eman dit zera bat politikan nor izan eta bueltatzeko asmoz partitu denak. Izan ere, ez dira ez bat eta ez bi izan, joan bai, baina egundo itzuli ez direnak. Begira Borboi familiari, marka guztiak hautsita hanka-jokoan. Jose Antonio Agirre Pariseko erbestean harrapatu zuen Balbeak. Baina Karlos VII.arena dugu mitoetan mitoena agian. Karlismoaren tradizioan, belaunaldiz belaunaldi kontatu izan da nola 1876an, dena galduta eta Arnegiko zubian, mugaraino lagundu zioten boluntarioengana biratu eta agindu zien, bihotza ahoan: «Itzuliko naiz!». Etxera inoiz bueltatu gabe hil zen Varesen, Italian.

Puigdemont ez da Karlos VII.a, ordea, eta ikuskizun dago zer esango duen, urbi et orbi, Kataluniako legebiltzarretik. Zurrumurruak badabiltza, ez dela oposizioan arituko baina azalduko omen du zein den independentziarako estrategia gaurkotua. Auskalo, gaur gaueko emaitzek ere izango dute zerikusia zaleak pizten asmatzeko. Nolanahi den, urte asko dira bederatzi munduak daraman martxan. Ezer gutxi da orduan zena. Aldarrikapenaren simulakroak min handia egin zuen. Zoruaren kontra hautsitako lorontzia da orduko batasuna eta Miriam Noguerasek Jordi Pujolek besteko sinpatia transmititzen du. Gure balkoietan, Palestinako banderek ordezkatu zituzten senyerak. 2017ko urriaz oroitu eta zaputzak besteko pisua du lotsak, nola izan ginen hain inozoak, nork du etsi honen ardura.

Hasperen egin eta Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua zabaldu dut: «Jose Urioste imajinatu dut, zuhaitz deserrotua bezala, lekuz aldatuta eta historiaren zangara eroria. Gu ere hala gaude, zuhaitz enbor zehatz ebaki eta bide bazterreko zangan utzien moduan, munduari kanpotik begira».
 
 


 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA