Hedoi Etxarte

Itzuliko dira?

2026ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Haren alabak honezkero erabiliko ez zuen testuliburu bat eman zidan lagun batek duela bi urte eta, non utzi nuen gogoratzen ez nuenez, paperak txukuntzeari ekin behar izan nion. Dozena bat egunkari zahar bota nituen bide batez; gorde nituenean izango zuten hil ala biziko zerbait, baina, presa tarteko, ezin izan nuen gogoratu zergatik zeuden oraindik nirekin aspaldi albiste izandako zelulosa xaflak eta, damutu aurretik, kontainerrera eramatea erabaki nuen.

Paperen artean 2024ko udaberriko Le Un XL aldizkariarekin topo egin nuen. Enarak zeuzkan azalean margotuta, gizaki esku bat eta lerroburuak zioen: «Txoriak eta gizakiak, lotura milenario bat». Gisa askotako testu llaburrak eta marrazkiak zeuzkan. Tartean Benoît Fontaine biologoari elkarrizketa egiten zioten. Fontainek hala zioen: «2001etik Frantziako txorien %17 desagertu dira». Espezie espezialistek (ingurune jakin batean bizi direnek) kalte handiagoa jasan dute jeneralisten aldean (ingurune desberdinetara molda daitezkeenak). Pagausoaren populazioa, adibidez, %135 igo da. Negu-txirtaren populazioa, ordea, %80 murriztu da. Alemaniako ikerketa baten arabera, 27 urtean %75 jaitsi da intsektuen biomasa Marxen aberrian. Intsektuak dira hegazti askoren elikaduraren oinarria. Klima aldaketarengatik, hogei urtean, klima bera aurkitzeko 250 kilometro iparralderago jo behar dugu, baina hegaztiek 37 kilometro gehiago soilik egin ahal izan dituzte. Daukagun eta etorriko den katastrofearen datuak beste kezka batekin jasotzen zituen Fabienne Parhoz poetak. Zuzenean galdetzen zuen martxotik aurrera iritsi ohi diren hegazti errariek noiz arte segituko ote duten etortzen, noiz arte entzungo ditugun enaren txioak, noiz arte itzuliko diren.

Sarritan pentsatzen dut horretarako uzten ditudala paper zutabe horiek armairuan ezkutuan. Halako batean senide bat hil berritan norbaitek idatzitako lerro batzuekin egiten dut topo, ala ezagutzen ez dudan letra batean idatzitako errezeta batekin, ala urrundik igorri zidaten liburu batzuk biltzen zituen paper puska batekin, ala garai bateko Renfe ala Sncf ala Euskotrenen kartoi puska batekin. Hauts geruza bat duen eta arrantzatua izateko zain dagoen perla lehor bat bezala.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA