martxelo otamendi

Ivan Cepedaren aukera

2026ko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den igandeko Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliaren emaitzak ikusi eta aurreneko begiratuan, ematen du ezker batuaren presidentegai Ivan Cepeda batere aukerarik gabe geratu dela. Inkesta askoren arabera, Cepedak lortuko zuen boto gehien lehen itzuli horretan.

Baina ez da horrela izan, eta eskuin muturreko hautagai Abelardo de la Espriellak irabazi du lehen itzulian, eskuinaren esparruan hilabete askotan faboritoa zen Paloma Valencia uribezalea aise gaindituz. Azken bi hilabeteotako inkestek iragartzen zuten De la Espriellaren hazkunde meteorikoa, Valenciari gero eta tarte handiagoa janda, baina Cepeda gainditzera iritsi gabe.

Biak gainditu zituen igandean De la Espriellak: Cepeda eta Valencia. Alde handia, baina ez garaiezina, atera dio De la Espriellak Cepedari: 673.138 boto, %2,84. Emaitzak ikusita, nola zeukan aukera handiagoa Cepedak bigarren itzulian irabazi eta Kolonbiako historian ezkerreko bigarren presidentea izateko? Lehen itzulian irabazita, edo bigarren geratuta? Hau da, zentroko boto emaile askori beldurra eragiten dien eskuin muturreko De la Espriellaren atzetik bigarren geratuta, betiere alde txikiz.

Lehen itzulian irabaztea ez zatekeen ona Cepedarentzat, bigarren itzulian haren kontra batuta jokatuko zutelako De la Espriellak eta Valenciak. Beraz, Cepedak bigarren itzulia irabazteko aukera dauka oraindik, baldin eta iaioa bada, falta diren bi asteotan, presidentetzan eskuin muturreko hautagai bat inolaz ere ikusi nahi ez duten zentristen botoa bereganatzen. Sergio Fajardok %4,26 lortu zuen, eta Claudia Lopezek, %1. 

Nola bildu ditzake zentroko boto horiek? Gobernatzen oso zaila den Kolonbian gobernu lasai bat eskainita, kontsentsuzkoa, zentrokoek begi onez ikusiko lituzketen ministro independente pare bat sartuta… Derrigorrez behar ditu zentrokoen botoak, eta baita beste batzuenak ere: lehen itzulian boto eman ez dutenena —ez dira gutxi— eta presidentearen etxean —Nariño Jauregian—Javier Milei argentinarra eta Nayib Bukele salvadortarra eredutzat dauzkan De la Espriella ikusi nahi ez dutenena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE