Zuri ere pizten dizute halako lilura bat aspaldiko bideoen irudiek, frankismo bete-betekoek edo trantsizio garaikoek, pixelatuta egonagatik, edo kolore apalez, lehen mailako gertakari historikoen lekuko. Horien artean, Josep Tarradellas Kataluniako presidentearen hura ekarri dizute gogora azken gertakariek, berrogei urteko erbestetik itzulita, Sant Jaume plazako balkoitik, «ja sóc aquí» esan zuenekoa, hemen nago, etxera bueltan. Lepo betetako plazaren aurrean, hiru hitzetan bildu zuen Kataluniako politika garaikidearen une hunkigarrienetako bat.
Puigdemont itzuli itzuli egingo da, eta izango du harrera egingo dionik, eta, noski, poztuko gaitu edozein erbesteratu politikoren itzulerak poztuko gintuen gisan. Baina nekez izango da heroi bat askorentzat, ezta haren eta haren alderdiaren tradizio politikoa ezagututa ere, une batez, hori alde batera utzi eta presidenteak bere herriaren independentziaren alde egindako sakrifizioa aitortu zioten askorentzat ere.
Izan ere, erbesteak iraun dion tarte honetan, progresiboki, bere aurpegi ilunena erakutsiz joan da Junts, haren alderdia, ez bakarrik burgesia katalanaren interesak eskrupulurik gabe defendatzeagatik (hori bagenekien), baizik eta Aliantza Katalana gehiago hazi ez dadin, baita xenofobiaren harrian irrist egin eta etorkinak eta segurtasunik eza lotzen dituen ideia erosteagatik ere.
Puigdemonten amnistia iragarri baino pare bat egun lehenago, inkesta beldurgarria kaleratu du La Vanguardia-k. Horren arabera, PSCrekin lehen postuan berdinduko lukete Aliantzako faxistek. Junts, garai batean Katalunian jaun eta jabe izandako tradizio politikoaren oinordekoa, bosgarren tokira eroriko litzateke.
Ezer ez dela mugiezina, alegia, ongi ohartuta egongo dira gurean ere beti nagusi beti sendo beti eroso egon diren batzuk, Juntsekin batera ezetz esan berri diotenak herritarren etxebizitza eskubidea erabat (eta ez erdizka) babesteari, noiz edo noiz heroi izan zirelako betirako antifaxista etiketa gorde nahi dutenak, faxismoari, gaur egun, zaurgarrienak babestuz aurre egiten zaiela ahaztuta.