Badator uda, eta badatoz oporrak. Joango zara —berdin zait— Dolomitetara, Santiago bidea egitera, Salouko aparta-hotel batera. Hartuko duzu hiru eguneko txango bat Eskoziako Highlandsetara edo astebeteko talde bidaia Sri Lankara. Ez du axola. Urteroko matraka helduko da zauden tokian zaudela: «Where are you from?», «From the Basque Country», «From where?», «Basque Country. Between Spain and France». Berdin du erromesekin mozkortu zaren edo Salouko hoteleko piszinan zauden zure alabaren lagun berrien gurasoekin denbora-pasa. Talde bidaietan grabeagoa da kontua. Hiru ordu laurden beharko dituzu harmonia hausteko. «Basque Country» esan, eta begi denak izango dituzu adi-adi. Zeren eta, estatistikoki, ia ziurra da espainiarren bat izango dela taldean, eta hark, denek entzuteko moduan esango du, berez, berez, berez, espainola zarela, baina lasai egoteko, justu berak ulertzen duela zure desberdindu nahi hori. Frantsesik bada, «Pays Basque» esango diozu, eta «oh la la», Miarritze zeinen polita den aipatuko dizu eta zuk madarikatuko duzu Lapurdiko kosta guztia kolonizatzeagatik. Beharbada, taldean izango da euskaldunen bat ere, eta egingo diozue elkarri keinu, badakizulako gainerakoen galderak erantzun beharko dituzula aurrerantzean: ea Katalunia garen, ea bonba artean bizi garen, ea zergatik ez dugun espainiarrak edo frantziarrak izan nahi…
Hor hasiko dira kalkuluak eta autozentsura, eta euskaldunen arteko kohesioaren pitzadura. Batek nahiago baitu bakean izan eta ez esan nongoa den. Mingainari kosk egiten ez dakienak, aldiz, esango du polizia gorroto duela, edonongoa, baina Euskal Herriko polizia ere bai, jendea torturatu duela eta abar. «Oh really?» eta euskaldun erradikalenak baietz, «I hate the police», eta haren kideak eman dio ostikoa mahai azpian, entzun baitu alboan duen alemaniarra militarra dela. Eta horrela pasatuko dute txango osoa, azaldu nahi eta ezin batean, badaezpada, zeresangodutena-k ez ditzan oporrak zapuztu. Oxala Jacob Elordi bagina, ahoan bilorik gabe aldiro aldarrikatzen baitu bere aitona Joaquin euskal herritarra zela, eta faxistei ihesi joan zela Australiara, etorkizun hobe baten bila.