Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Java

2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Programazio lengoaia etorriko zitzaion bati baino gehiagori burura titulua irakurrita, sistema eguneratu behar dela dioen alerta nekosoaren itxuran, programazio lengoaia zer den ere ez dakienaren ordenagailuan. Besteren bati Magnum izozki «gama exotikoena» (hitz horiekin saldu dute) etorriko zitzaion ahosabaira, aurten atera baitute izen bereko aukera gozoa. Indonesiako uharte bat da Java, eta kakao produkzio handia du. Sumendiz beteriko uhartea da, eta orain arte, behintzat, Mendebaldeak hara bidalitako plastiko metek estaltzen zituzten soroak eta errekak.

Txinak 2018an portuak itxi zizkien atzerriko plastiko zaborren inportazioei, eta Mendebaldearen birziklatze industriak Munchen Garrasia itxuratu zuen, kaos erabatekoan. Izan ere, mundu osoko zabor esportazioen erdia Txinak hartu baitu orain arte. Birziklagarria dena eta ez dena ere bai, horrek dakarren inguruaren eta osasunaren pozoitzearekin. Munduaren hondakindegia izateari uko eginez, Txinaren politikak agerian utzi du kontsumo neurrigabearen eta ekoizpen basatiaren egiazko kostua, baita egungo birziklatze ereduen mugak bistaratu ere. Zabor lurperatuari nagusiki ematen zaion alternatiba, errausketa, ez baita inolaz desiragarria.

Ateak ixtearen ondorioz, plastikozko zabortegi toxikoen bidalketak Asia hego-ekialdera aldatu ziren; zakarrez beteriko edukiontziz lepo Filipinak, Thailandia, Indonesia eta Vietnamgo portuak. Maiatzean, Kanadari bere zaborraren bila joateko agindu zion filipinar lehendakariak, pazientzia galduta: «Filipinak nazio burujabe independentea da, eta beste ezein naziok ez du zabortzat hartuko». Horixe baitira asiar herrialdeok mentalitate kolonoarentzat: edo txintik entenditzen ez dugun lengoaia bat, edo oporretan mokaduka irensten dugun gauza exotiko bat, edo norberaren zabortegi hondogabea.

Zehazki, Munchek margolan ezagunari emandako izenburua Der Schrei der Natur [Naturaren garrasia] zen, nahiz eta, gerora, naturaz ahaztu garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.