Oñatin lantxo bat egin dudala eta, antolatzaileek eskerrak emateko oparitutako txokolatearekin joan naiz aitita eta amamaren etxera lotara. Nik ere eskerrak eman nahi dizkiet astelehen gau batean azken unean beraienean hartu eta afaria prestatzeagatik. «Postrea nire kontu», esan diet, eta txokolatinak atera. Hitz aspertuan kontatu diet Oñatin txokolategi mordoa egon zela XIX. eta XX. mendeetan, eta harrituta nagoela Gipuzkoan halako zenbat egon ziren garaian: Mendaron, Irunen, Tolosan, Azpeitian… Nire aitita bizkaitarra da, baina ChatGPT baino hobea ere bai, eta hasi da kontatzen nola 1728tik 1780 ingurura Real Compañía Guipuzcoana de Caracas delakoa existitu zen, Venezuelako kakao esportazioa kontrolatu eta haren monopolioa edukitzeko; beraz, aitita GPTk dio ez dela kasualitatea fenomeno baten eta bestearen arteko harremana.
Badaki Venezuelako gaiarekin piztuta nabilela, eta segitu du kakao kontuekin, hain gai ezdeusaren bidez gaur egungoa azaldu nahiko balit bezala. Antza denez, Espainiako errege Felipe V.ak jarri zuen martxan konpainia, kakaoaren ekoizpen eta esportazioaren monopolioa izateko hala kolonizatutako lurraldean nola metropolian. Jakina, hango kakao ekoizleak ez zeuden batere gustura, eta kontrabando eta matxinada artean Euskaldunen Guda gisa deituriko borrokaldi armatua ere izan zen; euskal herritarrok dugun iragan kolonizatzailearen adierazgarri —Real Compañian euskaldunak egoteaz aparte ekoizle eta lur jabe handien artean ere bazeudelako—. Era berean, lur jabe handi horiei kakaoak deitzen zitzaien, lehen sektoreak lehengai preziatuarekin zuen harreman estua bistan utziz. Eta zirkulua ixteko, badirudi Simon Bolivarren arbasoak euskaldunak izateaz aparte ere bazirela kakaoak, eta askatzaileak iraultza grina txikitatik jaso zuela, besteak beste, txokolate kontuetan jatorria duen auziagatik.
«Hurrengoan gehiago», dio aitita GPTk, aitonak biloba txikiari ipuin bat erdizka kontatzen dionean sortzen den grina hauspotuz bezala. Solasaldian jan dudan azken trufak pralinea du barruan eta, gauzak nola diren, petrolioaren gaia joan zait kontrako eztarritik behera.