Harrigarria da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak daukan lan prozedura. Auzi bat iristen zaienean, lehendabizi —auzitegi guztietan jazotzen den legez— tramiterako onartu behar dute. Behin onartuta, magistratuetako batek hartzen du iritsi zaien kausaren gaineko ebazpen proposamena egitea.
Ezaguna da, askotan publiko egin delako, auzitegi horretan —mundu osokoetan bezala— bi sentsibilitate nagusi daudela: kontserbadoreak eta progresistak. Horren ondorioz, ez beti baina askotan bai, aurreikus liteke zein izango den eztabaidatzen ari diren auziaren gaineko erabakia. Eduki politiko handiko auzietan gertatzen da, nagusiki.
Kataluniako prozesu independentistan kondenatu zituztenak eta atzerrian daudenak penalki arduragabetzeko Amnistia Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2024ko maiatzean, eta Auzitegi Konstituzionalak 2025eko ekainean legezkotzat jo zuen legea. Ondoren, Europako Justizia Auzitegiak ere onartu zuen legea, aurtengo uztailean. Beraz, Auzitegi Konstituzionalak dauka azken hitza.
Auzitegi horren lan metodologiaren ondorioz, magistratuetako bati egokitu zitzaion azken erabakiaren proposamena egitea, eta auzitegian sektore progresistak gehiengoa daukan arren, magistratu kontserbadore bati egokitu zitzaion ardura hori. Espero bezala, magistratu horrek buruzagi katalanei Amnistia Legea ez aplikatzea proposatu berri du. Eraman du magistratu kontserbadoreak ezezko proposamena Auzitegi Konstituzionalaren osoko bilkurara, eta progresistek ez diote onartu, gehiengoa daukatela baliatuta.
Eta orain dator auzitegiaren lan prozeduraren bitxikeria. Magistratu horrek berak, kontserbadorea izan arren, egin beharko du, gehiengoaren nahia betez, proposamen berri bat zeinetan proposatuko duen buruzagi independentziazaleei —Carles Puigdemont presidente ohia tartean— Amnistia Legea aplikatzea.
Alegia, bere ustearen aurkako proposamena egin beharko du. Ez al da, gutxienez, bitxia?