Iñigo Aranbarri.

Kristalezko begia

2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Domu santu bezpera aukeratu du, aurten ere, Galiza Culturak Kristalezko begia-ren irakurketa dramatizatua emateko. Laugarren urtea da Elkarte Kultural Galegoen Federazioak Castelaoren obra antzezten duena hildakoen eguna ospatzeko. 
Hasieratik da liluragarria istorioa. Hilerrian, eskeleto bat inguruan ehortzita dituenekin mintzo da. Hala ekingo dio, Koldo Izagirreri esker baita euskaraz ere, bataren eta bestearen kontuak aletzen. Begi-koskoan daraman kristalezko begiz ikusten du dena. Halaxe: bizi garen artean, oro da axal eta planta; dena galtzean bakarrik gara gai munduari xuxen begiratzeko. Ordukoa izanagatik, egungoa ere baden komunitatea da Castelaok zorrotz eta umoretsu erakusten diguna. Kritika sozialik ere bada, irri gaiztoz: neskatxa pobreei odola xurgatzen bizi da kazike banpiroa.

Halabeharra zer den. Asteon berton ikusi ahal izan dut Poesia no Condado dokumentala. Bertan ere, lurrari lotutako jendea begitaratzen digu Irene Pin lugotar zuzendariak, egun, fikziozkoa dirudien gertaera duela abiapuntu. 70eko hamarkadan, Salvaterra do Minhon, mutilen futbol talde bat galiziar kulturaren alde eta jauntxokerien kontra zerbait egin behar zuela erabaki eta elkarte kultural bilakatu zenekoa. Ordutik, hala atera izan dituzte aurrera hamaika ekimen, tartean, Galizia guztian osperik handiena eman dien Poesia Jaialdia, bizi-bizi dagoena egun ere.

Anartean, elkartea emakumetu egin da eta odolberritu. Zaharrenak hiltzen hasita daude, aspaldi samarretik eta ez bakanki. Diego Lazkanok Harkaitz Canoren Twist-en bezala, joandako lagunak ditu gogoan Manolo Fu-k film hondarrean: «hemen egon zitezkeen, neu nagoen tokian, gazterik hil ziren eta. Baina halakoxea da bizitza, oso tristea da bizitza».

Horregatik, beste batean sinesten ez dugunoi ere, zilegi bekigu, gaurko egunez bederen, Castelaoren fantasian loriatzea. Eta joandakoak irudikatzea, nor bere kristalezko begitxoaz, euren ordez hemen geratu garenon lepotik barrez, eta egurrean, «ezin zaituztegu bakarrik utzi» esaka.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA