Ander Perez Argote (2)

Kulturaren ze bataila?

2026ko urriaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahasgarria zaizu bataila kulturalaren kontu hau. Jakin badakizu faxismoaren gorakada ez dela kontu elektoral bat bakarrik, nahiz eta kezka, benetako kezka, mundu erdiko gobernuetara iristen hasi direnean etorri zaigun. Eta halere, jakin badakizu arriskua gehiago datorrela ideien eremutik, nagusitzen diren diskurtsoetatik, konturatu gabe ahotik ahora dabiltzan gezurretatik, gerora hainbat politika legitimatu ditzaketenak. Hori dena badakizu, eta, aldi berean, diskurtso hori hedatzen ari dela ukatu gabe, kontrako fenomeno bat ere antzematen duzu aldi berean, ongi kokatzen ez dakizuna. Hitzetan jartzeak lagunduko dizula pentsatzen duzu orduan, eta hemen zaude. Ea ba.

Kontua da, lan egiten duzun liburu dendara astero iristen diren argitaletxe ez bereziki ezkertiarren liburuen atzealdea ikusita, edota zuzenean eskuinean kokatzen diren hainbat egunkari irakurrita, ezkerrari lapurtutako lengoaia bat topatzen duzula aldiro. Hala, El Español-en kultur gehigarrian, «lubakiko afektuak», «erresistentzia» eta «komunitatea» hitzak erabiltzen dira idazle eta aktibista trans ezagun baten azken eleberria goresteko. Iruñeko Topaketetan, besteak beste banku handi batek eta Opusen unibertsitateak babestutako jardunaldietan, «inguratzen gaituen inperialismoaz», «depredazio ekonomikoaz» eta «hedatze militaristaz» hitz egiten da, eta, badu grazia kontuak, «botereek planeatutako mundu bati» aurre egiteko nahia adierazten da. Hemengoak bi dira, baina adibidez beteta dago afera. Kontsentsu progrea orokortua da, baina lengoaian gelditzen da, benetako gauzak kuestionatzen ez diren eremuan, eta ez dator bat baldintza materialekin eta politika errealekin.

Eta bai, pentsa dezakezu pozgarria dela botereek ezker eraldatzailearen diskurtsoa —komenentziaz bada ere— integratu izana. Baina pentsa dezakezu, halaber, kritikotasunik gabeko orokortze horrek sustatu duela hain justu faxismoa indar errebelde gisara aurkeztea.

Tarteko zerbait egon behar duela pentsatzen duzu, lengoaiatik harago doana, eta diskurtso antzekoak apropiatu dituztenengandik bereizten gaituena. Baldintza materialekin eta jendea errealki hobe bizitzearekin zerikusia duena. Egotekotan, jauzi horretan egongo da ezkerraren arrakasta.
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA