Ander Perez Argote (2)

Lagunak baina gizonak

2026ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eta zuk, nola hartu duzu Sanchezek laguntasuna kode zibilean arautzeko egindako proposamena? Amarru elektoralista ikusi diozu, bai, eta sozialdemokraziak tanto progrea bere taulan zenbatzeko asmoa ere bai, noski, baina horregatik gaiak ez dio uzten interesgarri izateari. Ez alferrik, azkenaldian literatura eta autore feminista mordo bat dabil gaiarekin bueltaka. Baita Sanchez baino askoz lehenago ere, eta askoz ere politizatuago. Liburuak eta pelikulak datoz laguntasunaren eta bikoteen arteko mugak problematizatzera, batari egozten dioguna besteari zergatik ez eskatu kuestionatzera, edota, besteak beste, lagunen arteko hausturak bikotekideen artekoekin berdintzera, dolu ezkutu bati argia emanez.

Ongi pentsatuta, ez gabiltza hain gauza arraroaz: dirua behar duzunean lagun batek utziko dizula edo gaixo zaudenean zainduko zaituela bikotekideak egingo lukeelako ustea besteko konbentzimenduz sinesteaz ari gara. Eskatu behar izan gabe ziurtzat ematen dugun horretaz. Lasaiago biziko lirateke mundu osoko soltero guztiak, noizbait mediku proba delikatu batzuen emaitzak jasotzera joan behar izatekotan, norekin joan faltako ez zaiela ziur jakingo balute. Eta utziko genioke egoera askori bakardade deitzeari.

Baina, ongi pentsatuta, bai, gauza arraro batez ari gara. Edo bestela, esan, gizon hori, bizi izan duzu inoiz lagun batekiko harremana galdu izanaren dolurik? Sentitu duzu apurketarik bikote batena sentituko zenukeen gisan? Esan, gizon hori, sentitu duzu inoiz lagun gizon bati bikotekideari exijituko zeniokeena exijitzeko zilegitasunik? Planteatu duzu inoiz bikoteari egozten dizkiogun zaintza mota batzuk harreman sexualik ematen ez dizun horrek ere ematen ahalko lizkizukeela? Edo izan duzu sikiera horri buruz gizon lagunen artean aritzeko aukerarik? Esan, zergatik datoz laguntasunaren inguruko hausnarketa guztiak feminismotik, eta hamarretik bederatzi emakumeen partetik, zuk munduan zaurgarritasunik erakutsi nahi ez eta mota honetako hausnarketak bikotekidearekin apurtzen duzunerako bakarrik uzten dituzun bitartean?

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA