Hedoi Etxarte

Landatu masiboki zuhaitzak

2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Santa Engrazian, Arilla harategi apartaren magaleko itzalean nintzen alaba txikiari eskua baino izerdia ematen ari ote nintzaion pentsatzen. Zebra bidea zeharkatu nahi, baina parez pare hormigoi eta asfaltozko dozenaka metro koadro neuzkan eguzkipean. Hiria diseinatu zutenen lasaitasunerako, bazen zuhaitz ilara pare bat, bataren eta bestearen artean hogei metroko tartearekin. Gizakiak azken mende erdian bakarrik diseina zezakeen infernu bat zen hura, bizitzarik gabeko distopia bat. Duela hilabete batzuk bitxikeria bat irudituko litzaidake irudia, baina Lurraren Altxamenduak-en testuak irakurtzen eta bideoak ikusten hasi nintzenetik ohartu naiz ez dela metafora bat: lurraren artifizializazioak gizakiaren heriotza ekarriko du. Ekainaren 24aren eta 26aren artean, Frantziako Errepublikan ohi baino 2.500 hildako gehiago egon dira, gehienak, bero olatuari lotuak.

Kapitalismo fosilaren eta haize erroten kapitalismoaren ildokoek —interesgarria da ezkerreko zenbait sektore nola ari diren energia nuklearra berriro sustatzen euskal kostaldetik 700 kilometrora dagoen itsasoko hilerri nuklear bateko kupel erradioaktiboak andeatzen ari direla— oso bide orri antzekoak dauzkate: aurrenekoek elitetxo bat beren kasa salbatzeko asmoa dute, besteek baten bat gehiago salbatuko dutela diote eguzki plakekin larre gehiago suntsitu bitartean. Aukeretako bat da diru laguntzen bidez hiriak aire egokitu pribatuen makinaz betetzea. Horrek logelak hoztuko lituzke segur aski, baina masiboki aplikatuz gero, etxebizitza bakoitzerako makina batekin, hirietako kaleetako tenperaturak 2 eta 4 gradu igoaraziko lituzke, makina horiek martxan jartzeko beharko litzatekeen energiaz gain.

Aspaldi molde ezberdineko erakunde eta aditu askok adierazi dute: utzi gure hiriak hormigoiz betetzeari, utzi zuhaitzak, sastrakak eta lurra dekorazio gisa ulertzeari, utzi zuhaitz batetik besterako tarte ezinezkoak jartzeari, ez moztu belarra hain motz. Landatu masiboki zuhaitzak, elkarri itzal emateko moduko tarteetan. Kaleetan, eskoletan, etorbideetan, eraikinen aldamenetan. Hormigoiaren oihana heriotza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA