Maider Galardi

Lehentasunak

2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larriduraz betetako titularretan leitu daiteke Voxek PP behartu duela Espainiako Estatuko diru laguntzen aferan «lehentasun nazionala» bozkatzera. Alegia, «bertakoek ongizate estatuaren onurak» jasotzeko lehentasuna izatea nahi du eskuin muturrak, eta PP ere mugitu du norabide horretan Extremadurako inbestiduraren truke. Hala diote hainbat hedabidek, eta hala desenkusatu da Feijoo: «Errotzea da lehentasunez kontuan hartzea nahi duguna, pertsona horien nazionalitatea edozein dela ere». Izan ere, hauteskundeei begira erretorikoki urrundu nahi du PPk, baina ukaezina da ideologikoki gero eta gertuago dagoela Voxengandik. Esaterako, erregulazioaren tramiteen sasoi betean, Tatiana Romero aktibista antirrazistak salatu du Madrilgo Erkidegoko osasun sistematik desagertzen ari direla migrazio prozesu batean egon diren pertsonen historia klinikoak. Hori bada esplizituki esan gabe ere «lehentasun nazional» delakoa hauspotzea. 

Larriduraz irakurtzen ditugu titular horiek guk geronek ere, Trumpen Americans First leloaren antz handia dutelakoan, baina praktikan, lehentasuna nork eta zerk duen ari dira markatzen gurean ere. Adibidez, orain arte errolda soziala ateratzea nahiko erraza zen udalerrietan trabatzen ari dira prozesu horiek migrazio fluxua igo denean, edota babes ofizialeko etxeetarako sarbidea edukitzeko gutxiengo errolda urtebetetik hiru urtera igo berri du Eusko Jaurlaritzak, inguru hurbilean gero eta maizago entzuten dugu inpunitate gero eta handiagoarekin «haiek laguntza gehiago dituzte guk baino» eta halakoak, eta muturrera joanda, 50 lagun auzoko eliza eta lokaletan daude lotan Gasteizko Salburua auzoan, asilo eskaera prozesuak eten direlako azken hilabeteetan. Bertako erakundeek argudiatu dute Espainiako Barne Ministerioaren eskumenengatik aldatu dela prozedurak egiteko modua, eta udalak ez ditu baliabideak jarri jende horri irtenbide bat emateko. Gauzak nola diren, hori ez baita premiazkoa batzuentzat, nahiz eta, alderantziz, apurka gure inguruan ere sumatzen den beste lehentasun kerratu batzuetarako joera —arrazista—.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA