nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Letrek ere behar dituzte zenbakiak

2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Sorkuntzatik bizitzea ozeanoa belaontzi txiki batean zeharkatzea bezalakoa izan daiteke, ur gainean zaude eta nabigatzen, ustez salbu eta bizirauten, baina ezin duzu burutik kendu zu hondoratzeko bezainbeste indar izango duen ekaitzaren mehatxua; ez dakizu noiz eta nondik etorriko den, baina iragarpenek beti diote gertu daukazula. Euskaraz sortzen baduzu, gainera, zure belaontziko bela bakarra arrailduta dagoela asumitu beharko duzu; ekaitz baten aurrean bizirauteko zure aukerak nabarmen murrizten direla jakinda jarraitu beharko duzu nabigatzen. Eta honi guztiari gaineratu behar badiozu emakumezkoa zarela..., seguruenik ez zait nabaritzen, baina goizero-goizero bularretakoa jantzi ordez, salbamendu-txalekoa jantzita ateratzen naiz etxetik.

Ez naiz nire sorkuntza lanetatik bizi, ezin dut; eta ez dut liburuen etekinetatik soilik bizi daitekeen inor ezagutzen. Idaztearekin edo literaturarekin zerikusia duten, eta diru apur bat emango didaten, enkargu txikiak kateatzen ditut bata bestearen atzetik; eta hauek egin ostean gelditzen zaidan hondar-denbora baliatzen dut nirea idazteko. Sorkuntza mundu konplexua da, lana eta salmenta batzen ditu, artea eta ekonomia, sortzailea eta teknikaria… Letretatik bizi naiz, baina zenbakiei begira. Zoriontsu, baina baldintza prekarioetan.

Sortzetik bizi garenon eta bizi nahi dugunon lan baldintzak—beraz, bizi baldintzak— duintzeko asmoarekin sortu zen 2020an Lanartea, Euskararen Langile Profesionalen Elkartea. Datorren larunbatean, Euskal Artisten lehen mintegia antolatu du Oiartzunen. Ez gara bertatik ezer konponduta aterako, asko dago egiteko eta ez dakigu nolako ekaitzek harrapatuko gaituzten bidean; baina ziur transatlantiko egonkor eta seguruak irudikatuko ditugula guztion artean. Zeren eta, egia esan, estutzen duen arren, niri ahaztu egiten zait salbamendu-txalekoa jantzita bizi naizela, ahaztu egiten zait belaontzi arrakalatu batean nabigatzen dudala. Hain da ederra ozeanoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.