Hedoi Etxarte

Lislore: bizitzari loria

2026ko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogoan dudan haurtzaroko iragarki bat da, Euskalerria irratia FMko 91.4an zegoenean, azken eraberritzearen aurreko Merced karrikako sukaldean: Lislore loradendarena. Asteartean, Bretainiako gurinezko galleta industrial bat jaten ari nintzela gogoratu nuen, azalean bi lislore zeuzkalako. Atzora arte eskuz idatzitako afixa bat zeukan atean: 13ra arte zabalik.

Gogoan dut gure amatxi Pilarrek zahartzaroan esaten zuela: zertarako aterako naiz kalera Unzu itxi badute eta Donezarreraino ezin banaiz oinez bakarrik iritsi. Antzeko sentimendu bat daramat duela hilabete bikotekideak esan zidanetik Karmele Yereguik erretreta hartuko zuela.

Asteazken goizean, grebaren eguerdiko deialditik itzulita etxean barna ibili nintzen eta etengabe joaten zitzaidan burua haurtzarotik amatxiren etxerako bidean zegoen loradendara. Miradoreko albaka, honezkero hosto batzuk lehortzen ari zaizkiona. Aldamenean duen kaktusa, alaba gazteari esan niona Uxue Juarezen Otto eta pintxo ipuinekoa dela. Otsailaren 7an feriatu eta zeropetik babesteko balkoitik albakaren aldamenera ekarri dudan limoiondoa, hosto batzuk horitzen ari zaizkiolako burdin gramo batzuk bota berri dizkiodana. Bikotekideak duela bi aste egongelan landatu duen hosto iluneko fikusa. Lerro hauek idazten ari naizen ordenagailu aldamenean dagoen euskal izenduna dirudien kalantxoea —ur gehiegi bota eta berogailutik gertuegi zegoelako onddo batzuk izan eta Karmelek berak salbatu zidana—. Armiarma sare zurixka bat eginda bizkarroi batek lehortu zidan balkoiko erromeroa.

Lagun ez izan arren begiko duzun norbaitek betirako alde egiten duenean bezala: halako batean jabetzen zara utzi dizun arrastoaz eta hortik aurrera utziko ez dizunaz. Oker zaintzeagatik hil zaizkidan landareak eta zuhaixkak, buruz behera lehortutako loreak eta lurretik jasotako indi gaztainak.

Eta ernaltzen hasi den dilista bat bezala, egunotan sei urte betetzen dituen une bat ere. Nafarroako Ospitaleko ZIUko zazpigarren gelan gure aita lokartuta zegoela pasa zen erizainarena. Ezinezko mirari hartan, musukoak erabateko maskara zirenean, haren amak bezala, euskaraz esan zidana: «Lisloreko Karmeleren alaba naiz».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA