Algoritmoak François Bégaudeauri egindako elkarrizketa bat jaurti zidan. Une batean hauxe erantzuten zuen: «Hogei urte genituenean. Mozkor geundela. Lagun artean, neska-lagunekin-eta, abesti bat abesten genuen ahots gora. Eta geure buruei kontatzen genien bigarren graduan abesten genuela, ironikoki, zeren bagenuen babestu beharreko aura bat. Gure aura zen ezkertiarrak ginela, iraultzaileak ginela, gebaristak ginela, Che Guevara ginela eta, are gehiago, guk punka entzuten genuela eta ez varieté-a. Eta beraz, My World abesten genuenean nabarmendu behar genuen 'kasu, baina zortzigarren graduan ari gara'. Geure buruei gezurra esaten genien. Zeren nik izugarri maite bainuen une hura. Eta beraz, ezin zen sentitu une hartan neuk eta lagunek sentitzen genuen plazera abesti hura abestean eta hori guztia falazia bat izatea. Gure plazeraren baikortasun afirmatibo bat zegoen poz horren atzean. Bazegoen. Oraindik buruz dakit abesti hura, asko maite dut. Jartzen badidate, poztuko naiz, baina orain ez dut ezer demostratu behar, honezkero ez gaude festa batean, ez dauzkagu hogei urte, bukatu da joko hori».
Zuzenean ulertu nuen eta neure burua ikusi Bégaudeauk bere gaztaroaz hitz egiten zuen aitortza horretan: gustuko izan beharko ez zenukeen zerbaitekin gozatzean simulatzea ironikoki ari zarela. Musikaz ari zen Bégaudeau baina, ia seguru, gauza bera esan dezakegu elikaduraz, literaturaz, are desiratu ditugun pertsonez edota oporretan egon garen zenbait tokiz. Ingurukoen aurrean mantendu behar dugun pertsonaiaren mugak, besteen aurrean koherente izan nahian eusten ditugun menosteak eta zaletasun sakonak.
Eguna argitzear zegoen, behingoz Iruñerria euripean zegoen eta orduan gogoratu nuen, gure aita zena, Michael Jackson eta Abba abesten, konplexurik gabe kotxean. Pasioz abestu berritan, kantua amaitzean kotxeko inork zalantzarik bazuen, anaia eta bion lotsa aurpegiari erantzuten, «oso onak iruditzen zaizkit, gustuko dut». Musika hark zerbait apurtzen zuen aski koherentea izan zitekeen kotxe hartako fonotekarekin: Oskorritik Amaia Zubiriara, Manu Chaotik Kortatura, Camarón de la Islatik Mikel Laboara Xixupikan eta Txirri, Mirri eta Txiribitonengan barna. Galdera da non ikasten dugun lotsa hori etxean ez denean.