Ustez eskuin muturra gelditzeko eta berez Alderdi Sozialista suntsitzeko sortu zuten mediatikoki Emmanuel Macron. Bere presidentetza aberatsei zergak jaitsi eta zerbitzu publikoak suntsitzeko erabili du, baita giza eskubideen, eskubide zibilen eta errepublikaren kontra jarduteko ere. Zaila da 1930eko hamarkadako Alemanian eta Frantzian faxista izan gabe faxistei bidea ireki zieten zentroko alderdiekin antzekotasunak ez ikustea. Macronen aldamenean egon direnek ere onartzen dute gaur: Estatua kolapsatuta dago, inoizko zor publiko handiena du inoizko zerbitzu publiko ahulenekin, eta, aberatsenak salbu, populazio ia osoa dauka kontra. 2018ko hiri txikietako natibo pobretuak diren jaka horiek (11 hildako eta 25.000 zibil zauritu), migranteen ondorengo pobreek (2023an poliziak tiroz Nahel Merzouk hil zuenean sumindu zirenek), natibo eta migrante diren ikasle gehienek eta langile publikoek (8.000 atxilotu urrian), denek gorroto dute macronismoa.
Urriaren 17a baino astebete lehenago, poliziak bi pertsona hil eta hedabide ia guztiek, hori nabarmendu beharrean, XIX. mende amaierako arkitektura erreakzionarioaren estiloko udaletxe aski afrus baten erretzea nabarmendu baino lehen, Frantziako irrati entzunenean Arié Alimi Giza Eskubideen Ligako abokatua elkarrizketatu zuten: «Terrore egoera bat bizi dugu haurren kontra. Nola irits daiteke Barne ministro bat gerra armak erabiltzera, ez tarteko armak baizik eta gerrakoak, haurren kontra? Nazioarteko legedian haurrak dira 18 urte bete arte. Eskuak zartatu dituzte granadekin, begiak erauzi, matrailezurrak hautsi. Nire seme-alabengatik ere kezkatuta nago, eskolan ala unibertsitatean egon daitezke eta granada lehergarri bat bota diezaiekete edo 48 orduz atxilotuta izan eta bizitza osorako traumatizatuta geratu, arrisku hilgarri bat».
Ordutik, Errepublikako hiri askotan, etxeratze agindua egon da, gerra —ala gerra bati bezala aurre egin zitzaion pandemia— garaian bezala. Macronek 49.3aren bidez, Asanblada Nazionalaren kontra, 31 alditan atera ditu aurrera legeak, tartean aurrekontuak (1958tik 120tan erabili da, azken bederatzi urteetan horien %25): horrela hasi zen Hindenburg bidea prestatzen, gutxiengo faxistak botere osoa izan arte. Meloniren aldamenean ere, ikuspegi liberal batetik, eskuin muturrean dago Macron.