Bi autoren arteko istripua Azkarate gainean, Azkoitia eta Elgoibar artean. Oilaritean, zurrumurrua herrian, galanta gertatu dela, hildako bat badela gutxienez. Ezer garbirik ez, ordea, ez zein diren... Jakin-minez jo du jendeak egunkari digitaletara.
Hara albistea nabarmen probintziako salduenean: «Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren arabera», 21 urteko gaztea da hildakoa, «magrebtar jatorrikoa». Eta min hartutakoak? Xehea da informazioa, poliziarena da: «Beste lau lagun zauritu ziren bertan, 31 eta 21 urteko bi gizonezko, magrebtar jatorrikoak, eta 20na urteko beste bi, espainiar naziotasuna dutenak».
Ez du gehiago behar irakurle leziatuak: hiru moro eta herriko gazte bi, beraz. Goiza aurrera doala, izenak ere hasi dira azaleratzen ahoz aho. Inork gutxik ezagutzen du, antza, zendua; bai ordea Bilbora unibertsitatera zihoazen hiru gazteak. Hiru? Bai, lagun bakarrarekin baitzihoan hildakoa. Eta orduan… hirugarren «magrebtarra»? Bingo!, «espainiar naziotasuna» duten biekin zihoan. Umetatik darama Hicham Hazimek herrian, euskaraz mintzo da lagunekin.
Oraintxe urtebete, hautsak harrotu zituen Jaurlaritzaren erabakiak, adierazi zuenean publiko egingo zuela delitugileen jatorria. Arartekoa bera agertu zen kontra: ematekotan, «izan dadila ezinbestekoa delako funtsezkoa den informazioaren testuingurua azaltzeko eta estereotipoen, zurrumurruen eta estigmatizazioari kontra egiteko».
Arartekoak zer dioen, bost administrazioari berriro ere. Galderak, berez datoz: Hicham ez izanda ere, zer informazio eransten dio jatorriak trafiko albiste bati? Eta hedabideek, zergatik ematen dute bere horretan informazio kutsatua? Etsigarria esatea, gutxi da. «Magrebtarra» ez da edonola erabiltzen den deitura. Zer mundu ikuskera erakusten du eredu behar luketenen jokaera horrek? Zenbat irakasle eta lagun arteko ordu behar dira albiste bakarrarekin sortzen diren estereotipoak desegiteko? Edozeren jatorriak ardura badio, zein da albisteon sortzaileena eta haize-emaileena?