Hedoi Etxarte

Mikaren aztarnak eta interpretazio politikoak

2026ko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

E. H. Gombrich-en Irudien froga mitikoa (The Evidence of Images) argitaratu zuen duela hamar urte, gazteleraz, Sans Soleil argitaletxe arabarrak. Bestelako kontu baten bila ari nintzen baina liburuan aipatzen den aurreneko irudiaren interpretazioa irudiekin zerikusirik ez zuten gaiekiko iradokitzailea iruditu zitzaizkidan.

Aurreneko irudia Niko Tinbergen naturalistaren irudi bat zen, 1967an Ingalaterran argitaratu zena: itsas mika bat agertzen da ibilian duna baten gainean zerbaitek larritzen duen arte. Orduan ibilkera jauzi bilakatzen da eta harean arrasto sakonak uzten ditu. Gombrichek dioenez, naturalistek, irudi horretatik ondorio gehiago atera ditzakete, adibidez, txoriak hega egiteko haizea kontra izan behar duela. Beraz, gertakizunaren unean haizeak irudiaren ezkerretik jotzen du. Baina hondarreko uhinak behatuz gero, irudi luke kameraren norabidetik etorri dela haizea. Ondorioz, arrastoek esaten digute haizearen norabidea aldatu dela. Gombrichek dio artistak irudia osatu nahi izan duela, itsas mikak hegaldia nola hasten duen adierazteko.

Gombrichek detektibeen lanarekin alderatzen du interpretazioaren teoria. Arrasto bat, oinatz bat interpretatzean honezkero ezagutzen dugun kreatura baten itxurek eta ohiturek bat egin behar dute markarekin. Zenbat eta handiagoa izan gure errepertorioa, orduan eta aukera handiagoak dauzkagu asmatzeko. Batzuetan perfektua izan daiteke bat egite hori: oin bakarrak egin dezake oinatzarekin bat. Beste batzuetan, behin-behinekoa izan daiteke ahokadura.

Irudipen hori daukat azken aldian oso sarritan, berdin geopolitikaz irakurtzen ari naizenean nola Hego Euskal Herrian dauzkagun krisi politikoez aritzean. Interpretatzen ditugula fenomeno asko duela 20, 30 edota 50 urteko piztiak gaur egungoen berdinak balira bezala.

Gombrichek Karel Capek-en istorio bat dakar egoera horiei buruz aritzeko. Capeken istorioan, ordoki garbi batean aztarna bakar bat agertu zen mirariz, Gombrichek ondorioztatzen du: «Ezin dugunean berreraiki, ezin dugunean jakin zer den posible, ezin dugu ahokadura sinesgarri bat osatu, ezin dugu interpretatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!