Maider Galardi

'Mitxelin'

2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txikitatik gure iruditeria kolektiboan egon da Mitxelin. Nora joaten ginen futbolera jokatzera edo soinketa klaseak jasotzera? Mitxelinera. Non egiten zuten lan gure aitona-amonek? Mitxelinen. Non ezkutatzen ginen lehen zigarroak erretzeko eta lehen litroak edateko? Mitxelingo gurpil handian. Nora goaz frontenisean jokatzera? Mitxelingo frontoira. Non egiten zuen amonak erosketa? Mitxelingo kooperatiban. Zergatik zegoen urtero Gabonetan sekulako gabonsaria haien etxean? Mitxelinek ematen zuelako. Nork ematen zigun ongietorria herrira itzultzen ginenean? Mitxelingo panpina xelebreak. Ipar Euskal Herriko lagunek esan arte, egia esan, ez nekien Mi-xe-lan ahoskatzen zenik, eta aitortzen dut izena hain presente dagoela herrian ezen disoziatu egin baitut lan-gatazka eta herriko kartografia denbora honetan guztian. 

Iruditeria kolektiboan egonagatik, ordea, memoria kolektiboan ez dago hain presente ehun eguneko greba. Ez gazte jendearen artean, eta ezta Euskal Herriko langile klasearen memorian eta historia sindikalean ere. Inor gutxik daki Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskia baino bi aste lehenago Lasarteko Michelin fabrikako dozenaka langilek produkzioa eten zutela baskulara igota, eta egun horretan bertan lantegian itxialdia egin eta hamazazpi orduko asanbladan batu zirela 2.500 langile. Hiru hilabetez baino gehiagoz eutsi zioten langile horiek guztiek grebari. Borrokaldian segitu ahal izateko, ezinbestekoa izan zen erresistentzia kutxa, eta hainbat ekitaldi antolatu ziren horretarako, tartean Ikastolako umeek Galarretako Young Play diskoteka mitikoan egindako dantzaldia. Lehengaiak lortzeko ere ehundu zen elkartasun sarea: batzuek arraina ekartzen zuten Pasaiatik, herriko zenbait dendak oinarrizko elikagaiak jartzen zituzten langile-komitearen esku, haragia ere heltzen omen zen baserriren batetik... 50 urte pasatu dira ordutik, eta garai hartako langileak batu dira transmisioaren inportantziaz jakitun. Haiek entzunda kale-iruditeria aldatu zait: frontoia beharrean, fabrikarako saltoa egin zuten hesia ikusten dut, kiroldegia dagoen lekuan asanblada klandestinoak egiten zituzten jantokia, gurpil handia kapitalaren gurpil zoroa begitantzen zait, eta maiatzaren 1aren bueltan kaleak entzuten ditut langile-harrotasun orroz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA