martxelo otamendi

Mossoak noraezean

2026ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste batzuk daramatza Kataluniako polizia propioak —Mossos d’Esquadra— albisteak sortzen, eta ez, bereziki, haien izen onaren alde. Bi alditan, desberdinak biak oso, komunikabideetako lehen orrialdeetan ageri dira, bi kasuetan ulertzen zaila den jokabidearekin.

Aurrenekoan, mossoen arduradunek erabaki dute mossoak eskoletara eramatea, ez gorputz polizialari buruzko hitzaldi batzuk ematera, edo ikasle gazteei zirkulazioaren segurtasunari buruzko aholku batzuk eskaintzera: semaforoen garrantzia, zebra bideetan lehentasuna daukatela, trafiko seinaleak… Ez, segurtasun arazoak omen dauzkaten eskoletan zaintza lanak egitera joaten hasi dira mossoak eskoletara.

Hezkuntza komunitatearen eragile nagusiekin —irakasleak, gurasoak eta ikasleak— adostu gabe hartu du erabakia Generalitateak, eta, ondorioz, protesta handiak sortu dira; hezkuntza komunitateak argudiatu du eskola batzuetan dauden segurtasun arazoak hezitzaile gehiago kontratatuta konpon daitezkeela. Generalitateak, hartutako erabakiaren okerraz jabetuta, erantzun du esanez bakarrik eskatzen duten eskoletara eramango dituztela mossoak.

Bigarrengoan, frankismoaren usaina darion jokabidea eduki dute mossoek. Kataluniako irakasleak aldizkako grebak egiten ari dira hilabeteotan. Duela egun batzuk, Bartzelonako Pau Claris ikastetxean bilera egin zuten irakasleek greba eta mobilizazioak antolatu eta koordinatzeko. Bileran zeuden irakasle batzuek susmoa hartu zieten batzarrean zeuden bi emakumeri. Bat-batean, irakasleetako batek, aurretik ezagutzen zituelako, mossoak zirela salatu zuen batzarrean. Kanporatu egin zituzten.

Ezkerreko gobernuak mossoak infiltratzen ditu greba prestatzen ari diren irakasleen batzarrean? Generalitateak esan du, batere gorritu gabe, zuzen jokatu zutela infiltrazioarekin, mossoen zeregina delako lan gatazkekin lotura daukaten informazioak biltzea. Franco diktadorearekin bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA