Zumaia eta Zarautz arteko hamabi kilometroen goraipamen hitzak irakurri ditut kanpoko egunkari batean. Errepide tarteak hogeita bi bihurgune dituela dio; planetan dagoen errepide ederrenetarikoa, artikulugilearen aburuz. Zinez ederrak dira euskal kostaldeak dituen 170 bat kilometroak, eta tarte hori ere bai. Deigarria egin zait artikulua, batez ere, egunotan bertatik ibili naizelako.
Bidea oinez edo autoz egitea zeharo ezberdina da. Oinez bazoaz, itsasoaren orro artean: elaiak, zozoak, birigarroak edota txepetxak entzun ditzakezu. Osterantzeko soinuak ere badira, esaterako, ziztu bizian pasatzen diren auto eta motoen zaratotsak. Artikuluan esaten ez dutena da kurbarik kurba tarte gutxi dagoela, eta, auto edota motoaren gehiegizko abiadura zein den probatzeko lekurik egokiena ez dela. On the wild side gidari pasatu diren auto eta motoetako gidariak gizonezkoak direla jabetu naiz. Izugarrizko abiadura hartzen dute, eta bihurgunero, freno onak erakutsi ohi dituzte, zorionez. Adrenalina da, esan dit lagun batek. Nik ez dakit ez ote den auto eta motoen gaitasun zilindrikoa erakusteko modu bat, eta bide batez, norberaren botere erakusgarri bat. Zertarako? Bada, erakusteko. Honekin lotuta, euskal kostaldean, bada azken boladaotan gailentzen ari den beste joera bat: ur-moto indartsuak. Hauek ere ziztuan pasatzen dira, izan ere, zer zentzu dauka horrelako moto bat izateak botere zilindrikoa erakutsiko ez baduzu? Bilboko itsasadarrean barrena ere sartzen hasi dira, eta, uretan, hirira erakartzen duen museo entzutetsuaren aurrean jartzen dira moto gidariak besoak goran (datu lez: denak gizonak). Adrenalina, lagun batek esaten duen bezala. Akorduan daukat duela bizpahiru urte Bilboko itsasadarrean gora azaldu zela auto anfibio batean gizon bat. Alabaina, honek abiadura txikia zeraman. Setio luze baten ostean garailea lurralde konkistatura sartzen den bezala zihoan gidaria: harrokeriak puztuta eta boterea erakutsi beharrak mozkortuta. Adrenalina, beste behin ere. Niri neuri, zinez, nekagarri eta aspergarri egiten zaizkit maskulinitate zaharren oilarkeria hauek.